Herrien Arteko XXI. Folklore Jaialdia, Barakaldon

8 Diciembre 2017 - 1:00pm to 9 Diciembre 2017 - 9:00pm

XXI folkloreIbarra-kaldu elkarteak berriro ere dakarkigu Herrien arteko Folklore Jaialdia, eta aurtengo 21. edizioa azaroaren 24etik abenduaren 11 arte garatuko da. Jaialdi honek babesle ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Kutxabank eta Caixabank erakundeak, eta laguntzaile ditu Deia egunkaria, Radio7-Tele7 eta Metro Bilbao. Barakaldo Antzokiak ere jartzen du bere aletxoa, hantxe egingo baitira Barakaldoko ekitaldi nagusiak, abenduaren 8an eta 9an. Barakaldotik kanpo egin ohi den jaialdiko ekitaldiak Gueñes izango du plaza, abenduaren 8an. Baina ekitaldi horietaz gain beste jarduera batzuk ere egingo dira aurreko bi asteetan, honako hauek, hain zuzen ere:

Bertso afaria, azaroaren 24an, ostirala, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan. KILIKA BERTSO ESKOLArekin batera antolatu da eta Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolariek hartuko dute parte.
Argazki-erakusketa, abenduaren 4tik 11 arte, Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan. Horren bidez, 21. edizioan parte hartzen duten taldeen kulturak ezagutarazi nahi dira.

Azkenik, hitzaldi-solasaldia, abenduaren 1ean, ostirala, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan. Patxi Laborda izango dugu hizlari, “Gureak ote… betikoak omen” izenpeko hitzaldia ematen. Aurtengo berrikuntza da hitzaldia, hurrengo edizioetako egitarauetan ere tokitxoa izateko itxaropenarekin, gure folklorearen alderdi desberdinak aztertu eta ezagutarazteko aukera eskaintzearren.

Barakaldo Antzokiko ekitaldi nagusietan, IBARRA-KALDU talde anfitrioiaz gain, Malagako SOLERA eta Cuencako PUEBLA DEL ALJIBE folklore taldeak izango dira dantzan; musika atalean, aldiz, KALE DOR KAYIKO ijito-elkarteko musika-taldea eta IRATXE MUGIRE barakaldar kantari eta kantugilea izango ditugu lagun, Ibarra-kalduko musika-taldearekin. Ohi denez, KILIKA bertso-eskolako bertsolariak aurkezle lanetan arituko dira. Gueñesko saioan, hango ANDRA MARI dantza taldea ere arituko da jendaurrean, kanpoko dantza-talde gonbidatuekin.

Beti bezala, ekitaldi nagusiotako sarrera doakoa izango da.

 Barakaldotik KANPOKO EGUNA, Bizkaiko beste udalerri batean egin ohi dena, jaialdiko lehen egunera aldatu da aurten, kanpotik datozen talde gonbidatu batzuei itzulera bidaia luzea samurtzearren, jaialdia amaitu ostean. Enkarterriko Güeñes udalerrian izango da ekitaldia, abenduaren 8an, ostirala, 13:00etan. Bertako ANDRA MARI dantza taldearekin batera Malagako SOLERA eta Cuencako PUEBLA DEL ALJIBE folklore taldeak arituko dira jendaurrean.

MUSIKA EGUNA ostiral horrexetan egingo da, abenduak 8, 19:30ean, Barakaldo Antzokian. Bertan, parte hartzen arituko dira KALE DOR KAYIKO ijito elkarteko musika taldea, IRATXE MUGIRE barakaldar kantari eta kantugilea eta IBARRA-KALDU elkarteko musika taldea.

Jaialdiko DANTZA EGUNA Barakaldo antzokian egingo da, abenduaren 9an, 19:30ean, eta IBARRA-KALDU anfitrioiarekin batera izango dira oholtzan Malagako SOLERA eta Cuencako PUEBLA DEL ALJIBE folklore taldeak. Eguraldia lagun, egun horretan bertan, 19:00etan, kalejira bat egingo dute dantza taldeok antzokiaren inguruko kaleetan.

Aurreko 20 jaialdietan askotxo izan dira parte hartu duten dantza-taldeak, euren herrietako folklorea erakusten, hala nola: “Excelsior” folklore taldea (Gijón), “Cinco Villas” jota-taldea (Bardenas-Zaragoza), “Virgen de Gracia” folklore taldea (Puertollano-Ciudad Real), “El Castro” dantza-taldea (Ponferrada-León), “Carrascal” dantza-taldea (Alcoy-Alacant), “Esbart Dansaire d'Andorra la Vella” (Andorra), “Celme" folklore-elkartea (Pontevedra), “Taveiro” dantza-taldea (Portugal), “Kelc'h Keltieg Rostren” taldea (Bretainia), Cácereseko kantu eta dantza udal-taldea (Extremadura), “Terra de Sole” folklore-taldea (Italia), “Esbart San Martí” taldea (Katalunia), “Die Boose” folklore taldea (Belgika), “Escuderos de Arlanza” abesbatza eta dantzariak (Kantabria), “Es Penell” dantza-taldea (Menorca), “Oroval” folklore elkartea (Tenerife), “San Asensio” dantzari-taldea (Errioxa), Baza udalerriko dantza eta kantu taldea (Granada), “Xagardua” (Colunga-Asturias), “Catalmibre” (Coruña), “Nuestra Señora de la Alegría” (Monzón-Huesca), “Lous Crabots de Semisens” (Landak-Frantzia), “La Farandola” (Girona), “Sa Colla Labritja” (Eivissa), “Grupo de Coros y Danzas de Becerril de la Sierra” (Madril), “Le Quadrille Occitan” (Tolosa-Frantzia), Yerbabuena (Segovia), Albelda de Iregua (Errioxa), Aires de la Cala (Mallorca), Villenako dantza-taldea (Alacant) eta Urdimbre folklore taldea (Avila).

Musika emanaldietan, honako hauek izan dira parte hartzen: Barakaldoko Udal Musika Banda, “Hala Dzipo” euskal musika-eskola, “Doces Lembranzas” gaita-taldea (Barakaldoko Galizia Etxea), “Bizkaiko Gaiteroak” taldea, “Laguntasuna” fanfarrea, Xabier Amuriza eta Jokin Castaños (“Hasi” bertso-eskola) bertsolariak, “Zugarramurdi” txalaparta-taldea, “Aspaldiko Txistulariak”, Lutxanako txistu-eskola eta dultzaineroak, “Elai Alai” taldeko gaiteroak, “Eusko Lorak” musika-taldea, “Jirabiraka”, “Los Desmonicaires”, “Folketan”, “Tirauki”, “Ruaille-Buaille”, “Adarrots”, “Kilika” bertso-eskola, “Duo Deno” bikotea, “Triskele”. “Agharas”, “Cloverwind”, “Xeremiers Orats”, “Schola Cantorum” abesbatza eta Bilbao Musikako txistulariak.

 
Herrien Arteko XXI. Folklore Jaialdia: Egitaraua

ATARIKO EKITALDIAK

Azaroak 24, ostirala

22:00 – BERTSO AFARIA (Ibarra-kaldu elkartearen egoitza)

Abenduak 1, ostirala

20:00 – HITZALDI-SOLASALDIA - Patxi Laborda: “Gureak ote… betikoak omen”
(Ibarra-kalduren egoitza)

Abenduaren 4tik 11 arte, astelehenetik astelehenera

ARGAZKI-ERAKUSKETA - 21. edizioan parte hartzen duten taldeen kulturak ezagutarazteko.
(Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoa)

EKITALDI NAGUSIAK

Abenduak 8, ostirala

13:00 - DANTZA EMANALDIA: Güeñes

  • SOLERA (Alhaurín de la Torre - Malaga)
  • PUEBLA DEL ALJIBE (Cuenca)
  • ANDRA MARI (Güeñes – Euskal Herria)

19:30 – MUSIKA EMANALDIA (Barakaldo Antzokia)

  • KALE DOR KAYIKO
  • IRATXE MUGIRE
  • IBARRA-KALDU

Abenduak 9, larunbata

19:00 TALDEEN KALEJIRA

19:30 DANTZA EMANALDIA

  • SOLERA folklore taldea (Alhaurín de la Torre - Malaga)
  • PUEBLA DEL ALJIBE folklore taldea (Cuenca)
  • IBARRA-KALDU (Euskal Herria)
  • KILIKA bertso-eskola, aurkezpenetan