Salbatzaile Dantza Taldearen 40. urteurrena, Kastañoseko XIV.Euskal Jaiaren protagonista

Berritasunen artean, antzezpenak izango dira Tartean Teatroa eta Trapu Zaharrak konpainiekin eta clown ikuskizun berria eskainiko da ere bai.

kastanos

 

Salbatzaile Dantza Taldearen 40. urteurrenak presentzia handia izango du asteburuan Kastaños auzoan ospatuko den XIV. Euskal Jaian. Dantza taldeak berak sustatuta, jaiak ostiralean hasiko dira era ofizialean pregoiaren irakurketarekin, eta antolatzaileek azpimarratu dutenaren arabera, berritasun askoz gozatu ahal izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Euskara sustatzea eta jai egunetan auzokideen partaidetza bultzatzea izango dira Salbatzaile Dantza Taldearen helburuak, beste urte batez Euskal Jaia antolatzeaz arduratuta, auzoko talde eta koadrilen eta ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen laguntzarekin. Izan ere, txosnan txandak egingo dituzte, ekitaldietan parte hartuko dute...

Era guztietako ikuskizunak

Giroa berotzen hasi zen ostegunean, pregoia irakurri aurretik. Mikel Martinez aktoreak eskaini zuen orduan Tabernaria bakarrizketa, non instrukzioak eman zituen kaña bat ondo botatzeko. Amaitzerakoan, Kastaños Kantari taldeak auzokoak gonbidatu zituen euskal kantak abestera, eta gauza berbera egingo du gaur, ostiralean, 19:30ean, auzoko talde batek irakurriko duen pregoiaren ondoren. Hortaz aparte, Molto Vivace taldearen animazioa eta L.E.T. Hotzak taldearen kontzertua izango dira plazan, aurten gainera, kolaborazio ugarirekin eszenatokiaren gainean.

Auzoa txistularien kalejirarekin esnatuko da bihar. Haurrentzako tailerrak egongo dira plazan eta Clown malabaristek '1 eta 1' zirku ikuskizuna estreinatuko dute, Imanol Susoren partaidetzarekin. Ondoren, auzokideek auzoari buruz duten ezagutza agerian utzi ahal izango dute Kastañosko Tribial Handia lehiaketan, Igel Txapelketa jokatzen den bitartean. Arratsaldeko 18:00etan Salbatzaile Dantza Taldeak Euskal Herriko dantzen erakustaldia eskainiko du, astero ikastera hurbiltzen diren 200 bat nagusiren eta txikiren partaidetzarekin. Hori amaitu eta gero, erromeria, taloa txorizoarekin, Ilargi Beltza taldearen berbena eta nagusientzako play-back lehiaketa izango dira.

Gastronomiarako momentua

Igandean, berriz, lehiaketa gastronomikoen eguna izango da. Aurten indaba gorrien, hamaiketakoen eta postre apainduen lehiaketak izango dira. Berritasun gisa, Trapu Zaharra taldeak Etsita kale antzerkia eskainiko du. Aurten lehendabiziz ere, auzoko abesbatzaren kontzertua igandean izango da, Lur Maitea otxotearekin batera, 12:45ean Salbador parrokian.

Gainera, asteburuan zehar Funikularreko sarreran ikusgai izango da pasa den igandean III. Fotoguasap lehiaketan ateratako argazkien bilduma baten erakusketa. Aurten 48 lagunek hartu dute parte, eta guztira auzoan eskuko telefonoarekin atera eta WhatsAppen bidez 108 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara.

El correo
2 Junio 2018