Dantza eta erromeria, parrandarako bilgune

 Aiko taldeak 'Bilgua' bere azken lana kaleratu berri du. Bertan, Pirinioetako dantza eta doinuetan oinarritutako hogei abesti aurki daitezke. Horien bidez, jendeari dantza egiteko gonbita luzatu nahi diote banda honetako musikariek

arg

Elkarri oratu, elkarrekin salto eta barre egin, elkarrekin izerditu". Horrela laburbildu du Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak mendiko erromerietan zein herri eta hirietako plazetako dantza. Tuntuna, biolina eta danborraren soinuak erabiliz, haien emanaldietan helburu hori lortzeko prest agertu dira. Alegia, jendea dantzan jartzea. Hain indibidualista den gizarte honi elkartzeko aukera ematea, hain zuzen. Horixe da Bilgua. Pirineotako magalean dantzan bere azken diskoaren xede nagusia. "Beharrezkoa da. Gizakiak gizartea behar du, taldea, kideak, lagunak... baina, gaur egun, herri handietan auzoan bizi dena ere ez dugula ezagutzen ezin ukatu", nabarmendu dute. Hortaz, gure arbasoen ohiturei so, antzinako bilguak topatu zituzten, hots, eguneko lanak amaituta, artzainak -emakumeak sarritan-, mendian, suaren inguruan, elkartzen ziren guneak. "Kantuak, eguneko gora-beherak, ipuinak… komunikazio bide bat ziren antzinako bilgune hauek. Egun, guretzat dantzak eta erromeriak diren bezala: harremanetarako bide bat".

Arestian idatzitakoa irakurtzerakoan, Voltairek euskaldunei buruz esandakoa gogora ekartzea erraza da: "Pirinioen magalean dantzan egiten duen herria". Izan ere, mendiak elkargune moduan aldarrikatu nahi izan dituzte Aiko taldea osatzen duten musika eta dantza maisuek: Ainara Artetxe biolin-jotzailea, Sabin Bikandi txuntxuna jotzen duena, Asier García danbor-jotzailea, Elur Arrieta danbor handiarekin ari-tzen dena eta Patxi Laborda dantza maisua. "Haran ezberdinetako jendea mendiko baselizetan elkartzen zen erromerietarako eta, bide batez, beste herrietakoekin bikoteak osatzeko aukera izateko, herriak eta gizartea odolberri-tzeko", gogorarazi dute.

Bere lan berri honetan, gizartea odolberritzea baino, jendeari dantza egiteko eta ondo pasa-tzeko gonbitea luzatu nahi diote. Horrela, dan-tzarako propio -eta bereziki Bikandik- sortutako hogei abesti jaso dituzte Bilgua diskoan, Pirinioetako doinu eta dantzetan oinarritutakoak. Aire zaharkituak belarri modernoentzat egokituak, jauziak, ingurutxoak, mutildantzak, jotak, valsak, mazurkak, txotisak eta zortzikoak topa daitezke. "Grabatu ditugun dantza hauen artean, batzuk proposamen erabat berriak dira, Tafernaberry bezala. Beste batzuk, berriz, jauzi ezagunak dituzte abiapuntu: Baigorriarra Azkaindarrak jauzi ezaguna oinarri duen bezala, kasu", azaldu du Arrietak.

Bestalde, diskoaren egitura Luzaideko erromerietan erabiltzen den bera da, hots, jauziekin hasi eta bukatu, tartean elkarrekin dantza egiteko kantak joko dituztela.
musikaren kolorea Aiko taldeak kaleratu duen zortzigarren diskoa da Bilgua eta, aurrekoekin konparatuta, berrikuntza nabarmenenak erabilitako musika tresnak eta doinuaren kolorea dira, Garciak azpimarratu duenez. Tuntuna, danborra eta bolina besterik ez dute erabili. "Tuntuna edo txuntxuna danbolina izendatzeko beste hitz bat da eta, gure historian, perkusioak lehen mailako garrantzia zuen, ziurrenik, dan-tza laguntzeko oinarrizkoa delako", argitu du Bikandik. Tuntunaren soinuaren bidez, nafar Pirinioetako lurraldeetara hurbilduko dira en-tzuleak eta dantzariak, Irati edo Ossau bailaretara; bertan, Euskal Herriko, Biarno eta Aragoiko kulturak batzen zirelarik. Eremu honetan, tuntun-biolin bikoteak, dantza tradizional adierazpen guztiak lagundu ditu XVIII. mende hasieratik. "Tuntuna Maskaradako doinuetan eta jauzietan entzutera ohituta geunden. Hemendik aurrera, rantxera edo jota batean ere normaltzat hartuko dugu!", ziurtatu du Garciak.

Bilgua nori dagoen zuzenduta galdetuz gero, aho batez erantzungo dute Aiko taldeko kideek: "Edonori!". Horrexegatik, ez die axola bere lana zelan izendatzen den. "Norbaitentzat tradizionala dela? Ongi. Beste batentzat ez dela? Ongi ere. Egiten duguna da inportantea. Ez dugu horrelako konplexurik", nabarmendu dute. Abestiak grabatzerakoan erakutsi duten konplexu eza bera, grabaketa-produkzio konplikatuetatik ihesiz. "Inoiz aipatu dugun slowdance hori aldarrikatu nahi izan dugu, hots, slowfood horren parekoa dantzan: bertako produktuak, lasaitasunez eta patxadaz landuak, hurbileko musikariekin, era naturalean…". Diskoaren musika eta dantzak Aikoren webgunean ikus daitezke (www.aikotaldea.com).

Hitzetatik plazetara

Dantza egiteko dena plazetara atera beharra dago. Beraz, Aiko taldearen disko berria en-tzun eta dantzatu nahi duenak ekainaren 1ean izango du lehenengo aukera, iluntzeko zazpietan, Markinan. Ekainaren 2an, berriz, Urbiako landetan izango dute hitzordua. Hil horretan zehar, Soraluzeko Esoziako Erromeri Egunean (Ekainak 8, goizez), Donostian (Ekainak 8, arratsaldez) eta Durangon ospatuko den Dantzari Dan-tzazale Egunean (Ekainak 22) ere izango dira.

Deia
31 Mayo 2013