Emanaldi ikusgarria eskaini du Zerutxuk Karmen jaien atarian

Markina-Xemeingo frontoi nagusiko harmailak bete egin ziren domekan [uztailak 8] Zerutxu dantza taldearen emanaldia ikusteko. Karmen jaien baitan, urte bitik behin, emanaldi berezia eskaintzen du herriko dantza taldeak, eta aurten ere harrera ezin hobea eduki du ikuskizunak.

Eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia Zerutxuk. Dantzariei musika jarri zieten txistulariak eta aurtengo emanaldia borobiltzeko gonbidatu dituzten Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldeak, Algara musika taldeak eta Mirari eta Zaloa trikitilariek ekitaldian parte hartzeko erakutsitako prestutasuna eskertu zuen dantza taldeak. Bai eta dantzarien gurasoen parte hartzea ere.

Kaxarranka

Kostatik barrualdera. Euskal Kostaldeko dantzekin –Sardinerak, Kaxarranka eta Batelerak– gozatu ahal izan zuen alde batetik, publikoak, eta kostaldetik barrualdera joanda Berako makil dantzak ekarri zituzten dantzariek frontoiko kantxara Nafarroako eta Bidasoako lurretatik. Eurak egokitutako Erregineta dantza ere egin zuten neskek Mirari eta Zaloa Trikitilariek lagunduta, eta ekitaldia amaitzeko Amaia ezpata dantza eskaini zuten taldeko mutil nagusiek.

Ekitaldia amaitzeko Soka Dantza dantzatuz atera ziren agertokira Zerutxuko dantzari guztiak, txiki eta handi, eta agurtu aurretik, ez zituzten ahaztu nahi izan, urte guzti hauetan taldea aurrera eramaten lagundu duten kideak. Hori dela eta, aipamen berezia egin eta lore sortak oparitu zizkieten Felipe Amutxastegiri, Pili Garitaonaindiari, eta Imanol Aretxabaletari.

Algara eta Abarketatxoak

Gonbidatuak. Antzezpen eta musikaz lagunduta egon da aurtengo emanaldia. Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldeak aspaldian telebistan hainbeste ugaritu diren talentu programa bat irudikatu zuten: Izar Bila akademia. Sarrera frogetatik hasi eta sariduna izendatu arteko antzezpena josi zuten, umorez. Algara musika taldekoak ere batu ziren antzezpenera, eta euren musikagaz txunditu zuten frontoiko ikuslegoa.

hitza.eus
Asteazkena, Uztaila 11, 2018