EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA - BASAURI

Euskal Herriko Dantza Agerketan dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie tokian tokiko dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak: herriko jaiak, inauteriak... Horixe da, izan ere, haien ezaugarri nagusia. Beraz, Euskal Herriko Dantza Agerketan erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Alabaina, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan dira inoiz edo behin Basaurira.
Euskal Herriko Dantza Agerketa euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz sortu zen. Horrela beroriek ezagutzeko aukera ere izaten du jendeak, egun seinalatu horietan euren herrietara joan beharrik gabe.
Ikuskizuna aire zabalean izan ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Halaber, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz horniturik, ikuskizun koloretsu eta paregabea eskaintzen du Euskal Herriko Dantza Agerketak.
Urteroko topaketa hau Basauriko Bizkotxalde parkean izaten da iraileko hirugarren asteko larunbat arratsaldean; euria izanez gero, Social Antzokira eramaten da. Edonola ere doan da ikuskizuna. Bestalde, egitaraua musika eta dantza tradizionalekin lotutako ekintza eta jarduerez osatzen da: tailerrak, erromeria, herriko dantza-taldeen emanaldia…
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da: txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Aurtengo edizioaren antolakuntza-lanetan, orotara, 120 pertsona baino gehiago ari dira.
Egitaraua 2010
Euskal Herriko Dantza Agerketaren XXXVIII. edizioa 2010ko irailaren 18an izango da, larunbat arratsaldean, honako egitarau honen arabera:
18:00 Parte hartuko duten dantza-talde guztien KALEJIRA, Social Antzokitik Bizkotxalde parkeraino. Begoñako Andra Mari kalean eta Mojaparte plazan dantza-saio laburrak egingo dituzte.
19:30 DANTZA-IKUSKIZUNAren hasiera, Bizkotxalde parkean jarritako agertokian, ondorengo talde autoktonoekin:
· Deustuko Andrak (Deusto, Bilbao).
· Untzueta (Areta, Araba).
· Goizaldi (Donostia, Gipuzkoa).
· Oinak arin (Bezkoitze, Lapurdi).
· Barde-Ribera (Fustiñana, Nafarroa).
Fustiñanako Jota eskolak parte hartuko du.
Barikuan, hilaren 17an, 20:00etatik aurrera herri-erromeria izango da lema honi jarraituz: “Egizu jantzan, ondo jakin ez arren”. Herriko dantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte. Zenbait dantza bereziki prestatuko dira ikusleek ere parte har dezaten. Ekitaldi hori Solabarria plazan izango da. Aurretiaz, 19:00etan hasita eta jai giroa pizteko, umeentzako tailerrak eta dastatzeko sagardo eta txorizoa izango dira.
Bestalde, Basauriko dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa ikuskizun nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 19) arratsaldeko 19:30etan, Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan.