Txopoa jasota, gaur hasiko dituzte San Joan jaiak Axpen

Gaur hasi eta datorren martitzenera arte San Joan jaiak ospatuko dituzte Axpen. Musika, pilota partiduak, mus eta bakailao txapelketa… askotariko ekitaldiek osatzen dute egitaraua, eta denen erdigune astelehen iluntzeko San Joan suak izango dira, Axpen bertan zein inguruko baserrietan piztuko dituztenak.

Gaur, 18:00etan, gazte mailako hainbat esku pilota partidugaz gozatzeko aukera egongo da Axpeko pilotalekuan. Ez dira lagunarteko partiduak izango, Atxondoko Gazteen Pilota Txapelketako finalaurrekoak baizik. Lau finalaurrekotik hirutan Atxondoko gazteak izango dira protagonista, eta Iurreta (birritan) eta Abadiño izango dituzte aurkari. Kimuen A mailan, aldiz, Elorrio eta Abadiño lehiatuko dira. Gauean, 22:30ean, ohiturari eutsi, eta txopoa jasoko dute jaiak hasi direla iragartzeko.

Zapatuan ere hainbat txapelketa daude, baina nagusiei bideratutakoak guztiak ere. 17:00etatik aurrera mus txapelketako lehen kanporaketak jokatuko dituzte, eta tortilla eta bakailao txapelketak ere jokatuko dira. Partaide bakoitzak behar dituen osagai guztiak ekarri beharko ditu, eta platerak aurkezteko ordua 21:00etan izango da. Ondoren, herri afarian batuko dira, pilotalekuan; Jai Batzordeak ogia, postrea eta kafea jarriko ditu. Erromeriagaz amaituko dute eguna.

Domekan, 11:30eko mezaren ostean, dantza saioa eskainiko du Andasto dantza taldeak, eta, 13:00etan, mus txapelketako finalak jokatuko dituzte.

Astelehenean ekitaldi bakarra dago, baina denetan esanguratsuena; iluntzean, San Joan sua piztuko dute Axpe inguruko larre batean, eta suaren argitara txokolatea banatuko dute bertaratzen direnen artean.
Martitzenean, San Joan egunean amaituko dituzte jaiak. Goizean igel txapelketa eta jubilatuentzako luntxa egongo dira. Gainera, 16:00etatik aurrera briska txapelketa izango dute.

anboto.org/
20 Junio 2014