San Pedroak, ohiturak betez

Mundakako Sukalki Txapelketa eta Lekeitioko kilin kala eta kaixarranka errepikatuko dira

argAsko dira San Pedro jaiak ospatzen dituzten herriak, baina denek ez dituzte ezagun egiten dituzten ekimenak. Herri horietako bi Mundaka eta Lekeitio dira, asteburuan jaietan murgilduko direnak antzinako ohiturak betez.

Mundakan larunbatean hasiko dituzte ekimenak umeen egunarekin. Bizikletaz krono igoera, umeentzako tailer eta puzgarriak, eskubaloi txapelketak eta Oihan Vegaren musika -22:00etatik aurrera- osatuko dute egitaraua. Igande goizean santuaren prozesioaren ostean, bestalde, 17:00etan portuan egingo den itsas jaia eta Deboson talde kubatarraren kalejira eta kon-tzertua izango dira nagusi.

Ekimen bereziena, ordea, sukalki txapelketa izan ohi da. Uztailaren 5ean izango da eta goiz osoan zehar janari gozoaren usainak eta giro alaiak hartuko dituzte herriko bazter guztiak. Jakiak 13:00etarako aurkeztu behar dira epaimahaikideen aurrean eta ordutik aurrera algara zabalduko da kaleetan, gauean Akerbeltzen musikarekin egunari amaiera emateko.

Baina inon San Pedro berezirik badago, hori Lekeition da. Igandean, patroiaren egunean, Dei Eittekuek goizaldeko 7:00etan esnatuko dituzte herritarrak. Geroago, 11:00etako mezaren ostean, Santu Arrantzalearen irudia Sanpedropera eramango dute han, kilin kalaren ohitura betez, Santua itsasora botako dutela mehatxatuko dute bi aldiz kulunka eginez.

Jarraian, portu inguru hartan dagoen San Pedroren irudian aurrean kaixarranka dantzatuko dute Etorkizuna taldekoek, gauza bera errepikatuz kofradia aurrean eta plazan. Taldeko neskek, bitartean, ohiko andrazkoen aurreskua egingo dute plazan.

Lea Artibain jarraituz, Munitibar ere jaietan murgilduko da bihar bertan, esku pelota eta pala finalekin. Ostean euskal dantza eta parrillada izango dira plazan. Paella txapelketak eta Oxabi taldekoen erromeria doinuek alaituko dute larunbata; igandean, mamifero eta hegazti harraparien erakusketa eta Hiru antzerkia -20:00etan- izanik.

Bestalde, Berriatuan bost egunetan zehar ibiliko dira jaian. Bihar bertsozaleen eguna izango da, Euskal Herri mailako bertsolari gazteen sariketarekin. Saltsa dantzaldiak emango dio amaiera egunari.

Deia
26 Junio 2014