Jose Alberto Narbaiza: "Gaztetan nagusiekin dantzan egitea gauza handia izaten zen"

Iremiñek Jose Alberto Narbaizari urte hauetan egindako lana aitortu gura izan dio dantza taldearen 45. urteurrenean. Lokalean dute oraindik urteurren ekitaldirako beste dantza talde batzuei eskatutako materiala. Zurrunbilo handia sortu dute herrian urtemugarako antolatutako ekitaldiek.

Zelan bizi izan zenuen omenaldiaren momentu hori?
Sorpresa handia izan zen niretzat. Aurreskua egiteko eskatu zidaten, eta beroketak egitera sartu nintzen futbol zelaiko aldageletara. Lore sorta bat ikusi nuen, eta “hemen zer edo zer dak”, esan nuen nire artean. Ondoren, lore sorta eta makila eman zizkidaten.

Zenbat dantzari batu zineten?
Mutilen hamabi talde eta nesken beste hamabi talde elkartu ginen futbol zelaian. Ume txikiak ere etorri ziren. Oso egun ederra izan zen.

Bandera berria ere egin duzue.
Herriko bandera badugu, baina taldearen bandera egitea pentsatu genuen taldearen izenagaz. Txikitxoagoa egin dugu, gaztetxoek ere batu ahal izateko

Noiztik diharduzu Iremiñen?
Taldeak 45 urte egin ditu, eta nik 43 daramatzat. Hasieran bederatzi mutil eta txistularia hasi ziren. Ezagunak ziren, eta dantzan ikasteko proposatu ziguten. Nire anaia Luzar dantzariaren laguna zen, eta Santa Ageda bezperan kantatzera joaten ziren. Beraiekin joan ginen, eta ondoren dantzan egiteari ekin nion.

Zer garapen izan duzue?
Hasi nintzenean mutilak bakarrik ginen. Handik urtebetera Izarra dantza taldea desegin egin zen, eta hango neskak gurera etorri ziren. Gainera, umeen taldeak ere hasi ziren.  

Zenbat dantzarik diharduzue?
50 ume inguruk dihardute taldean. Nagusietan, mutilen hiru talde eta nesken beste hiru. Lantzean behin beste talde batzuk ere elkartzen gara.  

Berriz herri dantzaria da?
Berriz betidanik izan da dantza zaletasun handikoa. Historiari begiratzen hasiz gero, urte askoan izan ditugu dantzariak.

Talde askotan neska gehiagok dihardute mutilek baino. Zuenean?
Momentu honetan mutil gehiago ditugu. Hala ere, izan genuen neska gehiago zebiltzan sasoia ere.
 
Zelan gogoratzen dituzu taldearen hasierako urteak?
14 urte nituen dantzan hasi nintzenean. Nagusiekin dantza egitea gauza handia izaten zen guretzat. Sanmigeletan nagusiekin dantzan egiten hasi ginen. Gaztetan txaleko barik egiten genuen dantzan, eta nagusiekin txalekoa janzten genuen. Donostiako belodromora dantzan egiten joatea, eta horrelako irteerak gustuko genituen.

Anekdota ugari izango dituzu hainbeste urtean.
Garaiko Aurresku Txapelketara joaten ginen gaztetan. Itzelezko giroa izaten zen. Lehenengoz joan ginenean, herri bakoitzak lehia izaten zuen ondoko herriekin. Lehia sanoa zen, baina. Amaitzen zenean denok elkarrekin joaten ginen pintxoak jatera eta zer edo zer edatera.

Taldeari asko eman diozu, baina dantzak zer eman dizu zuri?
Jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Durangaldekoak, Bizkaiko Dantzari Biltzarrekoak, nafarrak, gipuzkoarrak...

Zure etxean dantza gustuko izan beharko dute.
Nire emaztea dantza taldean ezagutu nuen. Nire familia ere dantza taldearen inguruan hazi da. Nire alaba, adibidez, umeen taldeaz arduratzen da.

Dantza taldearen etorkizuna zelan ikusten duzu?
Urteurrenagaz jendeak berotua hartu du. Iraultza izan dela ematen du. Baina hori pasatu egingo da, eta lehengora bueltatuko dela uste dut.

anboto.org
3 Julio 2014