Munduko kulturen topaketa

Iristear da Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia, munduko hainbat txokotako kulturen topaketa bihurtu dena. Txina, Costa Rica, Ipar Osetia, Polonia, Hegoafrika eta Aragoiko (Espainia) dantza taldeek bat egingo dute, Portugaleteko Elai-Alai taldeagaz batera. Datorren astelehenean hasi eta hurrengo asteko domekara bitartean, hainbat ikuskizun izango dira.

Jaialdiaren helburua "mundutik Portugaletera era askotako folkloreak ekartzea" izan da betidanik, Gaizka Benguria Elai-Alaiko presidenteak jakinarazi duenez. "Guztiz desberdinak" izaten dira erakustaldiak. "Antzekotasun batzuk izaten dira, baina, oro har, desberdintasuna da nagusi: dantzetan, nola azaltzen diren protagonistak agertoki gainera, jantzietan...".

Urte berezia dute aurtengoa, gainera, jaialdiak 40 urte bete ditu-eta. "Lau hamarkada daramatzagu Euskal Herrian mundu osoko folklorea eskaintzen eta mundu osoko folkloreaz ikasten". Bestalde, euskal folkloreak, urte horietan guztietan, "250 herrialdetan baino gehiagotan bere kutsua" utzi duela deritzo. "Hemendik pasatu diren talde guztiek ezagutu gaituzte; gure taldea bera, Portugaleteko jendea eta baita euskal herritarrak ere. Mapan gai dira, beraz, Euskal Herria kokatzeko. Hori ere bada gure helburuetako bat; herria egitea, hain zuzen".

Ibilbide luze hori hasieran "zaila" izan zela ekarri du gogora. "Berrogei urte atzera eginez gero, sasoi haietan egoera ez zen erraza". Une hobeak eta txarragoak egon badira ere beti lanean jardun dutela adierazi du. "Urtero data hau noiz iritziko zain egoten gara, irrikaz, ilusioz".

Beste emanaldiak

Jaialdia bera datorren astelehenean hasiko bada ere, dantza taldeen erakustaldiak lehenago eta geroago ere izango dira Euskal Herriko beste herri batzuetan. Hain zuzen, egun bat lehenago izango da lehenengo ikuskizuna, domekaz, Ermuan. Costa Rica eta Ipar Osetiako taldeak izango dira estreinako saio horretan. "Jaialdi ofiziala Portugaleten egiten dugu. Hala ere, hilaren 20tik 31ra egongo dira taldeak gurean. Beraz, bira antzeko bat egiteko aprobetxatzen dute Euskal Herrian zehar", azaldu du.

Egun bakoitzean talde batzuen emanaldiak izango dira. Hilaren 27an, ordea, denak batera ikusi ahalko dituzte Portugaleteko Carlos VII.aren etorbidera joaten direnek. "Ordubeteko ekitaldia izango da; sei agertoki jarriko ditugu kale osoan zehar sakabanatuta, eta talde guztiek parte hartuko dute".

Agertoki bakoitzean, bost eta zazpi minutu arteko emanaldia egingo dute. "Bakoitzak agertoki batean eskainiko du ikuskizuna, baina denak batera ariko dira", azaldu du Benguriak. "Saio bakoitza amaitutakoan, agertokiz aldatuko dira taldeak. Hala, ikusleak eserita egongo dira, eta talde guztien emanaldiak ikusteko aukera ematen die formula horrek".

Saio horiek "dinamikoagoak" direla uste du antolatzaileak. "Ikuslearekiko hurbiltasuna" bilatzen du erakustaldi eredu horrek. "Kalean bertan, aurrean, dantza, musika eta jendea parez pare izateko aukera eskaintzen du". Talde guztiak leku bakar batean ikusi ahal direla ere azpimarratu du Benguriak.

Ikuskizun guztiak doakoak dira. Horregatik, aukera ona izango dute folklorea gustuko dutenek Portugaleten zein beste herri batzuetan egunotan egongo diren saioak ikusteko. "Taldeak indartsuak dira", adierazi du antolatzaileak. Zerura begira emango dituzte jaialdiaren aurreko egunak Elai-Alaikoek. "Eguraldia lagun izatea" gura dute, ikuskizunak zapuztu ez daitezen.

Talde desberdinak

Txinatik Kiandongnan taldea etorriko da Portugaletera. Herri tradizioak babestea dute helburu. Tierra y Cosecha Costa Ricako taldea bertako folklorearen ordezkaririk garrantzitsuenetarikotzat jotzen dute. Ipar Osetiako Gorets taldeak Osetiako bizimodua, ohiturak eta arima erakusten dizkie ikusleei.

Poloniako Warsiawanka taldeak, besteak beste, lurraldeko dantzak, Poloniako ohituretan eta errituetan oinarritutako bertako eskualdeetako antzezlanak eta Gabonekaz eta Pazko jaiekaz lotutako jarduerak aurkeztuko dituzte.

Umuzi Wenkosi Hegoafrikako taldeak Nelson Mandelak zuzendutako gobernua abiatu zenean hasi zuen bere ibilbidea. Euren lurraldeko turismoa sustatzea dute helburu. Azkenik, Aragoitik (Espainia) Jakako Alto Aragon taldeak Pirinioetako haranetako folklorea taularatuko du Portugaleteko jaialdian.

http://bizkaia.hitza.info/2014/07/18/munduko-kulturen-topaketa/

http://bizkaia.hitza.info
18 Julio 2014