Hainbat erromeriaz gozatuko dute garaitarrek gaurtik hilaren 31ra ospatuko diren jaietan

Gaur hasiko dituzte Garaiko jaiak; uda sasoiko dantzaleku arrakastatsuenetako bat izan ohi da Garaikoa. Herritarrak zein inguruko herrietatik etorritakoak udaletxe aurreko plazan batzen dira, festa giroan dantza egiteko. Ezten Giro taldeak hasiko du musika egitaraua gaur, eta Obaneuke taldeak jarraituko dio bihar. Hilaren 26an Fan&Go taldearen esku egongo da plaza animatzea.

 

30ean etorriko da seguruenik talde indartsuena izango dena: Luhartz. Udan herririk herri eta auzorik auzo ibiliko dira talde horretakoak, eta Garain ere eskainiko dute erromeria. Jarraitzaile ugari dauzka Luhartzek, eta asko taldeagaz batera mugitzen dira herririk herri. Erromerien egitaraua Ansorregi taldeak amaituko du, hilaren 31n.

Jaietan herri ohiturak mantentzen dituen herria da Garai. Hilaren 24an, adibidez, herri afaria egingo dute, 21:30etik aurrera. 25ean, goizeko meza nagusiaren ostean, Santiagoren irudiagaz prozesioa egingo dute San Migel elizatik Elizabarriraino. Apostolua omenduko dute, eta, gainera, Agintariena eta Gernikako arbola dantzatuko dituzte. Ezpata dantzariek saioa eskainiko dute plazan. Arratsaldeko 18:30ean, ostera, erregelen erakustaldia egingo dute.

Txapelketa ugari
Gastronomia eta joko bidezko lehiaketak ez dira faltako egunotan. Hilaren 26rako tortilla txapelketa antolatu dute, 19:00etan hasita. Partaide bakoitzak eroan beharko ditu bere tresnak eta osagaiak. Irabazleari 70 euro emango dizkiote, bigarrenari 40, eta hirugarrenari 25. Hilaren 27an, 11:30ean, briska txapelketa jokatuko dute, 80, 50 eta 30 euroko sariekin. Hilaren 29an, 18:00etan, mus txapelketaren txanda izango da, sari berdinekin. Eta, azkenik, 31ko mezaren ostean, Durangaldeko Igel Txapelketan parte hartuko dute, pernil bat irabazteko asmoz.

http://anboto.org/garai/1406186632985

anboto.org
24 Julio 2014