Erraldoien arteko bilkura erraldoia

atgErraldoi eta buruhandien 25. elkarretaratzea egingo dute gaur Bilboko kaleetan.

Zortzi talde eta 45 erraldoi inguru batuko dituzte, eta guztiak elkarrekin arituko dira dantzan, denak Areatzan

Egunero dantzatzen dituzte erraldoiak Bilboko Aste Nagusian, baina bilkura erraldoietan erraldoiena izango da gaurkoa. Ez da buruhandikeria hutsa, objektiboak baitira datuak: 45 erraldoi inguru, 20 bat buruhandi eta Euskal Herri osoko zortzi erraldoi konpartsa. Bilboko Erraldoi eta Buruhandien Elkarretaratzea egingo dute gaur goizean hirian, eta 25. bilkura izango da gainera. 10:30ean hasiko dute ibilbidea konpartsek Plaza Biribilean, eta kalerik kale ibili ostean, Areatzan arituko dira erraldoi guztiak dantzan. Konpartsaz konpartsa lehenik, eta guztiak batera ondoren. «Hunkigarria da momentu hori», aitortu du Jabi Ortega Deustuko Ondalan konpartsako kideak. Bilkuraren antolatzaileetariko bat ere bada, eta, dioenez, festa haziz doa bilkuraz bilkura. «Gero eta indar handiagoa hartu du, eta gorantz doa». Eguerdi ostean, hori izango da argazkia: ibaiertza bete erraldoi.

«Magia». Hitz bakarrarekin laburbildu du Ortegak erraldoiak dantzatzean sentitzen dena. «Euskal Herriko hamaika herritan egiten dituzu lagunak, eta beti dago giro ona. Baina, gainera, erraldoi barruan zaudenean, jendearen begirada ikusten duzu, eta horrek ase egiten zaitu. Oso berezia da». Erraldoiekin aritu beharrean, buruhandi paperean dabil orain, halere. «Lesionatuta nago», azaldu du, baina gustura, halere, puxika eskuetan duela. «Oso polita da jendea harritzea», dio. «Nagusiek pentsatzen dute soilik umeak jotzen dituzula, baina denek eraman behar dute oroigarriren bat edo beste! Harreman zuzena duzu jendearekin». Dioenez, gogo bereziz dago gaurko bilkurako. «Oso giro berezia izaten da».

1996an sortu zen Ondalan elkartea, eta hasieratik da haren kide Ortega. Azaldu duenez, elkartea sortu aurretik ere egiten ziren erraldoi konpartsen bilkurak Aste Nagusian. «Jendeak eskatu egin zuen bilkura hura, eta udalaren laguntzaz martxan jarri zuten elkarretaratzea orain 25 urte». Ondalanek hartu du bere gain antolaketa lana urte hauetan, Bizkaiko Gaiteroak elkartearekin eta Bilboko Udalarekin batera.

Indartuz doan zaletasuna

«Erraldoien zaletasuna berreskuratu eta indartzea izan da elkarretaratzearen helburua hasiera-hasieratik». Jon Gamindek azaldu du bilkuraren funtsa. Bizkaiko Gaiteroak elkarteko kide da bera, bai eta bilkuraren antolatzaileetariko bat ere. Berezia izaten da giroa, dioenez, eta urtez urte sendotuz doa bilkura, gainera. «Handia eta finkoa da. Oso erakargarria da, gainera, eta jende asko biltzen da urtero».

Luzea da erraldoiak dantzatuko dituzten taldeen zerrenda: Deustu auzoko Ondalan eta Ondalan txiki, Bilboko Udalaren Konpartsa, Arrasateko konpartsa, Bergarakoa, Sanduzelaikoa, Kanboko Sukila konpartsa, eta Donostiako Irrintzi taldea. «Bizkaian egiten den bilkurarik handiena da», zehaztu du Ortegak. Ezinbestean gaitari zerrendak ere luzea behar, hortaz: Tuterako gaiteroak, Baztangoak, Arrasatekoak, Artaxoakoak, Zangozakoak, Bizkaiko Gaitero taldea, Iruñeko gaiteroak eta Eltziegokoak.

Omenaldia ere egingo diete 25 bilkuretan erraldoien elkarretaratzean izan diren konpartsei. 17 trofeo banatuko dituzte, guztira. 11:30ean izango da ekitaldia Santos Juanes eliza alboan.

http://www.berria.eus/paperekoa/1736/036/001/2014-08-24/erraldoien_artek...

Berria
24 Agosto 2014