Hiru baseliza eta jai bakarra

aiak herrian eta Izurtzako hiru ermitetan ospatuko dira.

Astebururako espero dute jende gehien Mendigain dantza taldeak presentzia handia izango du Izurtzako jaietan.

Bihartik hurrengo igande arte iraungo dute Izurtzako jaiek (Bizkaia). Izurtzarrek Santa Ageda, Andra Mari eta San Tomas egunak ospatuko dituzte herrian bertan eta Izurtzako hiru ermitetan. Luis Ballarin alkateak azaldu du jai nahiko luzeak direla aurtengoak. Izan ere, nahiz eta egun handia astelehena izan, jaiak aurreko asteburuan hasten dira, Santa Ageda eguna aprobetxatuz; hurrengo igandean bukatuko dira, San Tomas ermitako jaiarekin.
Beraz, bihar murgilduko da festetan Izurtza. Arratsaldeko lauretan abiatuko da egitaraua, frontenis txapelketarekin. Horren ostean, jaiei ofizialki hasiera emateko, suziria botako dute arratsaldeko zortzietan udaletxetik. Eguna bukatzeko, DJak eta kontzertuak egongo dira Izurtzako Gaztelekuan.

Larunbatean, jaietako ekintza nagusietako batekin hasiko dute eguna: goizeko hamabietan hasiko dute bakailao lehiaketa, herriko frontoian. Parte hartzaileek pil-pilean edo bizkaitar eran kozinatu ahalko dute. «Urte bakoitzean aldatu egiten dugu lehiaketa; iaz, adibidez, marmitakoa izan zen», azaldu du Ballarinek. Hala ere, nabarmendu du urtero hogei kuadrilla batzea lortzen dutela. Eguna herri bazkariarekin eta bingoarekin amaituko dute.

Musika eta gastronomia

Lehiaketa gastronomikoetan ez da izango soilik bakailaoa: irailaren 13rako, tortilla txapelketa antolatu dute herriko frontoian, eta alkateak espero du urtero legez arrakasta handia izango duela. «Harrera oso ona duenez, urtero dago egitarauan». Gainera, lehen igandean herri bazkaria egingo dute Santa Agedako ermitan, eta 150 lagun inguru batzea espero dute. Jaietako bigarren igandean ere bazkaria egongo da, baina herriko erretiratuentzat.

Musika kontzertuak ere izango dira: irailaren 7an, Lotxo taldeak joko du, eta 13an, beste urte batez, Luhartz taldea arituko da. Baina, musika eta gastronomiaz gain, ekintza berezi asko prestatu ditu Izurtzako Udalak. Jaietako lehen iganderako, esaterako, herri apustua antolatu dute. Herritarrek objektu batek zenbat pisatzen duen edo zenbateko distantziara dagoen igarri beharko dute. Irailaren 13an, goizean, 23. mendi bizikleta martxa egingo dute, eta egun bererako igel txapelketa antolatu dute Azkonizagako jantokian.

Irailaren 8rako haurren jolasak antolatu dituzte, ordurako umeek ikasturtea hasia izango badute ere. Ballarinek nabarmendu du «kalitate handikoak» direla Izurtza bezalako herri txiki batentzat.

Dantzek, presentzia handia

Izurtzako Mendigain dantza taldeak rol nagusia izango du aurtengo jaietan. Santa Ageda, Andra Mari eta San Tomas egunetan dantza egingo dute, mezaren ostean. Alkateak azaldu duenez, aurten ez dira bakarrik arituko: «Villabuenako dantza taldea ere arituko da». Villabuenara (Araba) joateko gonbidapena jaso zutela azaldu du, eta horregatik gonbidatu dituztela.

Gainera, Izurtzara biltzen direnek aukera izango dute bertsolariak, pilota partidak zein kale antzerkia ikusteko.

Berria
4 Septiembre 2014