Salba hotsak, txistu doinuak eta dantzak Errebonbillo jaiaren osagaiak izango dira

Errebonbiloen arratsaldeko saioa bostetan hasiko da.
Errebonbiloen arratsaldeko saioa bostetan hasiko da.

Tradizioari eutsiz, urriko lehen domekarekin batera jai berezia ospatuko da Elorrion. Aurten ere, goizaldean eta arratsaldean zehar entzungo diren eskopeta tiro hotsak, txistuaren doinuak eta arratsaldeko prozesio osteko alardea eta dantzak, Errebonbillo jaiaren osagai nagusiak izango dira.

Errebonbilloen lehen kalejira goizeko bostetan abiatuko da herriko plazan, udaletxerantz eta elizarantz salba bana jaurtiz. Ondoren, kalejirari ekingo diote herrian zehar eta ohiko tokietan salba gehiago jaurtiko dituzte; hala nola, udal-barrutia mugatzen dituzten gurutze inguruetan, iraganean San Lazaro ospitalea izan zen parean, Santa Ana komentu aurrean edo Larreategi jauregian, baita alkatearen etxaurrean eta ohiko beste zenbait tokitan.

Errebonbilloen goizeko ekitaldia egunsentiarekin batera amaituko bada, eguerdiko 13.15etan berriro ere txistu doinuak entzungo dira. Oraingoan, Jaizale Durangaldeko txistulariak, Durangoko Metal Taldea eta Berrio-Otxoa orfeoia plazan eskainiko duten kontzertuko protagonistak izango dira.

Errebonbiloen arratsaldeko saioa bostetan hasiko den Arrosarioa amaitu eta berehala abiatuko da, oraingoan Errebonbilloak nabarmentzen dituzten jantziekin: jaka, bikornioa eta paparreko farfailarekin, alegia.

Lehenik, Arrosarioko Ama Birginarekin prozesioa lagunduko dute eta ondoren eskopetariek eta txistulariek kalejira burutuko dute. Ohiko tokietan salbak jaurti ondoren, dantza ekitaldiari ekingo diote plazan. Desafioa eta Banan-banakoa dantzatu ondoren, Aurreskuari eta Zortzikoari ekingo diote eta saioari amaiera emateko Fandago, Arin-arin eta kalejira eskainiko dituzte.

http://www.durangon.com/salba-hotsak-txistu-doinuak-eta-dantzak-errebonb...

durangon.com
3 Octubre 2014