Amaia Aroma: "Hasi nintzenean, neu nintzen emakume txistulari bakarra"

Aste Nagusia 2019

Bihar, Durangaldeko txistularien omenaldia jasoko du Amaia Aromak (Durango, 1936). Garbi Alaiak dantza talderako txistulariak behar zirela eta, 18 urtegaz hasi zen txistua jotzen; artean, Aroma zen emakume txistulari bakarra.

Asteburu honetako jaia berezia izango da zuretzat, ezta?
Niri oraindik ez didate esan zer izango den, ez dakit ezer...

Urte askoan hartu duzu Durangaldeko Txistulari Egunean parte, ezta?
Bai, urte askoan hartu izan dut Txistulari Egunean parte, baina duela urte batzuk utzi nion joateari. Sasoi batean, Durangaldekotik aparte, Bilbokora ere joaten nintzen.

Bilbon, txistua jendaurrean jotzen agertu zen lehenengo emakumea izan zinen, ezta?
Bai, horrela izan zen. Parte hartzeko saiakera egin nuen lehenengo aldian ez zidaten utzi, baina ahizpak lagundu zidan emakumeek parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen: antolatzaileei gutuna bidali zien berdintasuna aldarrikatzeko. Azkenean onartu ninduten. Duela 50 urte inguru izan zen hori. Ehundik gora gizonezko txistulariren artean jo nuen. Emakume bakarra neu. Bilboko kaleetatik desfilatu, eta, ostean, Areatzan jo genuen. Han egon ziren ahizpak txalo eta txalo!

Familiakoen sostengua eduki duzu, beraz.
Bai; zelanbait, lehengusina izan zen txistua jotzen ikastera bultzatu ninduena. Nik ikasi nuen lehenengo, eta neuk erakutsita hasi zen Juan Antonio neba ere txistua jotzen.

Zu gaztea zinenean, tradizio handia zegoen Durangon txisturako?
Ez nuke hori esango. 18 urtegaz txistua jotzen hasi nintzenean, emakume bakarra nintzen, baina gizonak ere ez zeuden asko: txistulari bi zeuden Durangon. Hain justu, euretako batek, Itzela ezizenez ezagutzen zenak, irakatsi zidan niri.

Zerk bultzatu zintuen txistua jotzen ikastera?
Andra Maria elizan Garbi Alaiak dantza taldea geneukan, baina txistularirik ez. Durangoko txistulariek ez zeukaten dantza taldeekin jotzeko astirik. Solfeoa eta pianoa ikasiak nituenez, txistua jotzen ikastea proposatu zidaten. Izan ere, sasoi hartan ez zen batere ohikoa solfeo ikasketak izatea. Taldearentzat dantzarako musika jotzen ibili nintzen urte askoan. Baina, bestalde, kontzertuetan ere parte hartu izan dut.

Asko ateratzen zineten dantza taldeagaz hortik zehar?
Bai. Debako euskal jaiak ditut gogoan batez ere. Gogoratzen dut, noizbehinka, agintariekin arazoak izaten genituela: behin, gobernadorea zetorrela-eta, emanaldi bat eskaintzea eskatu ziguten. Ezetz esan genuen, eta Andra Marian entseguak egitea galarazi ziguten. Bota gintuztela jakin zuenean, San Frantziskon entseatzea eskaini zigun hango kapilauak.

Txistu tradizioa galtzeko beldurrik izan duzue inoiz?
Ez. Duela urte batzuk udalerri guztiek edukitzen zuten txistularia, udaleko agintariak karlistak zein frankistak izan; prozesioetan-eta ateratzeko edukitzen zuten txistularia inguruko udalerri guztiek.

Txistu irakasle ere ibili zara.
Bai, zortzi-hamar ikasle eduki ditut urteotan. Egia esan, hasi bai, baina jarraitu gutxik egiten zuten... Desberdina da gaur egun: Durangon txistu ikasketa arautuak egiteko aukera ere badago.

Jarraitzen duzu jotzen?
Denbora da jotzen ez dudala. Etxean dauzkat hiru txistu, baina galdu egin dut ohitura.

http://anboto.org/durango/1426165384821

anboto.org
13 Marzo 2015