Aiko Taldeak Fasio soinujolea omenduko du “Dantzan Fasiogaz” ikastaroarekin

Ikastaroaz gain, Igorreko musikariaren mendeurrenarekin bat argitaratu zuten "Fasioren mendea" lana Interneten jarri dute, doan, edozeinen eskura. 

abril 9, 2015

AIKO-FASIOREN-MENDEA

BBN ERREDAKZIOA

Fasio, Bonifazio Arandia Uriarte (1909-1987) da joan den mendean Arratian jaiotako musikari herrikoirik ezagunenetakoa, eta hemendik aurrera, eskusoinuaren eta euskal musika trafizionalaren zaleek sakonago ezagutu ahal izango dute artista horren bizitza eta lana, AIKO taldearen lanari esker; hain zuzen ere, musikari eta dantza-maisuez osatutako kultur elkarteak Interneten jarri baitu eskuragarri Fasioren Mendea lana.

Lan sakon hori Igorreko soinulariaren mendeurrenarekin bat eginda argitaratu zen 2009an Igorreko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Aurten, lana Sarean jartzeaz gain, AIKO Taldeak eta UPV/EHUk Dantzan Fasiogaz izenburuko ikastaroa ere eskainiko dute maiatzaren 9an, Bizkaia Aretoan (Bilbo). Ikastaroaren helburua “trikitilariei, panderojoleei eta gure dantza-errepertorioa jotzen ikasi eta musikari eta dantzarien arteko harremanetan sakondu nahi duten guztiei zuzendutakoa” dela adierazi dute.

“Fasioren mendea” online

FASIO ARANTZAZUNFasioren mendea izenburuko lana disko-liburu formatuan argitaratu zen, testuak, argazkiak, audioko CD bat, partiturak eta hainbat filmaketa zituen DVD batekin. Orain, AIKO Taldearen webgunearen bitartez, material hori guztia errepasa eta eskura daiteke, testuak eta partiturak pdf formatuan eta doan deskargatzeko eta ikus-entzunezko materiala entzun eta ikusteko aukerarekin. Halaber, bildutako doinu guztiak partitura eta guzti argitaratu dira, Adolfo Jainagak transkribatuta.

Webgunearen “Diskografia” atalean kontsulta daitekeen disko-liburu horretan, Jon Iturbek Fasiori 1985ean –hil baino bi urte lehenago– egin zion grabazioa ere entzun daiteke.

Material bideografikoari dagokionez, Igorreko musikariak bere bizitzaren amaieran, 1982an eta 1986an, egindako bi ekitalditan interpretatu zituen 29 doinu bildu dira. Atal horren osagarri gisa, 1988ko azaroan, Fasio hil eta urtebete geroago, jaioterrian egin zioten omenaldiaren irudiak ere sartu dira.

“Dantzan Fasiogaz” ikastaroa

Aurten, AIKO Taldeak beste omenaldi bat egin nahi izan dio arratiarrari, UPV/EHUk Abandoibarran (Bilbo) duen Bizkaia Aretoan maiatzaren 9an, larunbata, antolatuko duen Dantzan Fasiogaz ikastaroaren bidez. Dantzarako jotzen irakasteko asmoz datoz, “ekimena trikitilariei, panderojoleei eta gure dantzen konplexutasun erritmikoa musika-hizkuntzara itzuli nahian dabiltzan gainontzeko musikariei zuzenduta” baitago, nagusiki.

Honela, ikastaroak musika eta dantzaren arteko harremana aztertuko du erritmoaren ikuspegitik, pasodoblea, balsa, txostisa, polka, boleroa, mazurka, foxa, tangoa eta habanera bezalako dantza herrikoi klasikoak errepasatuta. Horrez gain, trikitixaz eta panderoaz alaitutako dantzaldiei buruzko atal berezi bat eskainiko da, jota, fandangoa, arin-arina eta porrusaldaren protagonismoa aldarrikatzeko.

Ikastaroa UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.

NORI ZUZENDUA: trikitilari, panderujole eta dantzak jotzen ikasi nahi duen edozein musikariri.
ZER BEHAR DEN: dantzan eroso egiteko oinetako eta janzkera, eta ahal duenak panderoa.
NOIZ: Maiatzaren 9an, larunbata, 17:00-20:00h.
NON: UPV/EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Iberdrola dorrearen aldamenean).
IZENA EMATEKO: 20€ sartu ikaslearen izen abizenak jarriz Kutxabanken honako kontu zenbakian: 2095 0233 10 9111124099

http://bilbaobuenasnoticias.com/2015/04/09/aiko-taldeak-fasio-soinujolea...

bilbaobuenasnoticias.com
13 Abril 2015