Goizetik gauera arteko euskal giroa sortu du Bermeon, Erromeidxek

Herriko elkarteen elkarlana gero eta nabariagoa da Erromeidxe antolatzerako orduan, “eta fruituak ematen ari dela” azaldu du Ramon Garaizar Kankinkabara Txistu Taldeko kideak. Beste behin ere, “pozik” agertu dira antolatzaileak Erromeidxek emandakoarekin, eta goizetik eta gauera “oso giro ona” egon zela aipatu dute. Alde Zaharra girotzea da Erromeidxen helburuetako bat, “eta lortu dutela” azaldu dute antolatzaileek.

Erromeidxe Bermeon

Lehenengoz, bertoko produktuen azoka egon da Goiko Plazan

Garaizarrek dioenez, “aurreko urteetan baino aparteko jende gehiagok parte hartu du Erromeidxen, nahiz eta jantzi tradizionalez jantzita jende gutxiago egon den”. Aurtengo berritasunetako bat Goiko Plazako azoka izan da. Bertoko produktuak eskuratzeko aukera eman zuten 15 salmahaik. Datorren urtera begira, gauza batzuk hobetu daitezkeen arren, “oso ondo” joan zela dio: “Saltzaileak pozik agertu ziren eta Goiko Plaza janzteaz gain, girotzen ere lagundu zuen”. Hala, datorren urtera begira, azoka mantentzea ondo legokeela uste dute.

Bazkaltzeko, 160 lagun batu ziren frontoian, eta ondoren, Lamerara atera ziren dantzan jarraitzeko. Euskal folkloreaz gozatzeko aukera ematen duen dantzaldia da iluntzean Lameran egiten dutena, eta hainbat izaten dira horretara hurbiltzen diren herritarrak. Hartara, “guzti horiek, Erromeidxegaz bat egiten dute”.

Erromeidxe Bermeon

Herritarrak dantzan, iluntzeko dantzaldian

Aurten, gainera, Kabidxe gune sozialeko ateak zabalik izan dituzte. Argazki erakusketa, musika eta pintxoak eduki dituzte, eta lagun asko bertaratu direla azaldu dute. “Garrantzitsuak izan dira Kabidxeko elkarte ezberdinek Erromeidxeri egindako ekarpenak, bai eta Nuntxaku Kultur Elkartekoek egindakoak ere. Modu horretan, antolaketa lanetan laguntzeagatik, eskerrak eman gura dizkiegu. Datorren urtera begira, gainera, talde antolatzaileen artean jarraitzeko prestutasuna agertu dute”, azaldu du Garaizarrek.

Urtero modura zozketak egin zituzten, eta honakoak izan dira zenbaki irabazleak:

Urdaiazpikoa: 2451
Otzara: 1361
Gizonezkon jantzi tradizionala: 1531
Alde Zaharreko tabernetan kontsumizioak: 0023

Zenbaki horiek dituztenek hilabeteko epea izango dute saria jasotzeko. Gizarte eta Kultura Etxean utzi beharko dute horien telefono zenbakia, eta jakinarazi dutenez, antolatzaileek jarriko dira beraiekin harremanetan.

hitza.eus
6 Junio 2016