Euskal dantzek mugikorreko aplikazioetara egin dute jauzi

Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean euskal dantzak hedatu eta sustatzeko Soka aplikazioa sortu dute. Modu didaktiko eta ludikoan, «smartphone» zein tabletan, euskal dantza ezberdinak ezagutzera bultzatu nahi dituzte erabiltzaileak.

0802_soka_app

Bilboko Euskararen Etxean ikusgai dagoen “Soka, euskal dantzaren urratsetan” erakusketaren baitan, Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean Soka euskal dantzen inguruko aplikazioa aurkeztu zuten joan den ostegunean. Aplikazioa Android eta iOS sistema eragileetako smartphone zein tabletetarako dago eskuragarri eta dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Store dendetan. Amaia Ocerin Azkue Fundazioko kideak, GARAri egindako adierazpenetan, aplikazioaren helburuak laburtu ditu: «Helburua euskal dantzen inguruko jakintzak sozializatzea da; horretarako, aplikazioaren edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian prestatu ditugu». Erakusketan euskal dantzei buruz Etxepare Institutuarekin batera idatzitako liburu bat jada argitaratuta bazuten ere, hau «egungo gizartean dauden komunikazio tresna berriei» egokitzeko ahalegina da.

Aplikazioa bi atal nagusitan bereizten da. Alde batetik, euskal dantza modalitate artistiko ezberdinen inguruko test edo «tribial» bat daukagu. Bertan, lau zailtasun maila ezberdinetan banatuta, jokalariek euren jakintzak froga ditzakete. «Galdera-erantzunen jokoan, erantzun batzuk asmatzeko beharrezkoa da gure erakusketa bisitatzea; baina beste batzuk orokorragoak dira eta euskal dantzen inguruko jakintza minimoa duen edonork erantzun ditzake», azaldu digu Ocerinek. Jolasak hirurogei galdera ditu lau maila ezberdinetan sailkatuta: kautera –jokoaren maila errazena–, bolanta, aurreskularia, eta azkena zein zailena, dantza-maisua. Hauek sailkatzeko, atal bakoitza ikono eta kolore bati lotuta dago. Jolastean, sistemak puntuazio bat esleitzen dio jokalariari, emandako erantzunen arabera. Bukatutakoan gainera, izandako emaitza gainerako jokalariekin osatutako sailkapen batean partekatzeko aukera ematen du. Jokoaren irudi eta eduki ezberdinak sortzeko, Bilboko erakusketako argazkiak eta Dantzan.eus atariak eskainitakoak erabili dira.

Soka aplikazioak bigarrenik, Euskal Herri osoko dantzei buruzko informazioa eskaintzen du egutegi formatuan. Urtean zehar, herri ezberdinetan ospatzen diren dantzen zerrenda osatua eskaintzen du egutegiak. Erabiltzaileak bi baliabide ditu informazioa eskuratzeko, hitzorduen zerrenda edo mapa bidez —Google Maps erabilita herri eta ekitaldi bakoitza mapan lotu dituzte—. Ekitaldi bakoitzak informazio fitxa bat du, erabiltzaileei dantza bakoitza ospatzen den data, kokapen geografikoa eta horri buruzko informazioaren berri emateko. «Euskal dantza ekitaldi ugari ospatzen dira Euskal Herri guztian zehar, aplikazio honen bitartez, herritarrari hauen inguruko egutegi ordenatu bat eskaintzen diogu», argitu du Ocerinek. Horrela, Zuberoako maskaradei edota Heleta, Irisarri zein Lekorneko kabalkadei buruzko informazio guztia mugikorrean bertan kontsultatu ahalko da. Atal honetako informazioa, Dantzan.eus webgunearen laguntzarekin osatu dute.

Erantzunaren zain

Bilboko Euskara Etxean aurkeztu zuten aplikazioa Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, Pantxoa Etchegoien Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak eta Iurdana Acacuso Azkue Fundazioko zuzendariak. Aplikazioak izango duen harrerarekiko baikor agertu zen fundazioko zuzendaria: «Soka app bezalako ekarpenak oso interesgarriak dira, Azkue Fundazioak lagun asko dituelako, eta lagunen komunitateak posible egiten duelako euskal dantzen ezagupena hedatzea». Euskal dantzak euskal kulturaren adierazgarri nagusietakoak izan dira urte luzez. Azkue Fundazioa eta Euskal Kultur Elkartea, aplikazio bat sortuz, tradizio hau guztia smartphoneak nagusi diren gizarte batera egokitzen saiatu dira, hauen zabalpena bermatzeko.

Horregatik, Ocerinek ez du baztertzen aplikazioak erabilgarritasun berriak izatea, «publikoak eskaintzen duen erantzunaren arabera». Egun, bideo-joko ugarik eskaintzen dituzten dantza tutorialak euskal dantzen esparrura ekartzea ere ez du baztertzen Azkue Fundazioko kideak. Izan ere, Soka aplikazioa oraingoz jakintza didaktiko soiletara mugatzen da, alderdi praktikoa albo batera utziz.

Aplikazioak izango duen oihartzunaz, Ocerinek gogoratzen du euskal dantzen inguruko erakusketa ez dela finkoa eta hau aldatzen doan neurrian aplikazioa ere berritzen joan daitekeela. «Aurtengo udan Bilbon ari gara erakusketa egiten, baina aurretik Donostian, Hazparnen eta Donapaleun egon gara; gure helburua da herritarrak euskal dantzen mundura erakartzea eta diziplina artistiko honi buruz gehiago ezagutzeko aukera eskaintzea», nabarmendu du. Erakusketan, lau hizkuntzatan –euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa– osaturiko 400 ilustrazio baino gehiago daude ikusgai. Euskal Kultur Elkarteak berak sortutako bideo propioei Euskadiko Filmategitik lortu diren hainbat artxibo historiko ere batzen zaizkie, ikus-entzunezko erakusketa osatzea izan baitute helburu. Abuztuaren 28ra arte izango da hau bisitatzeko aukera Bilboko Euskararen Etxean, eta sarrera doakoa da.

http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2016-08-02/hemeroteca_ar...

naiz
2 Agosto 2016