Eskualdeko eta Sestaoko 400 dantzari bilduko dira domekan Durangoko Umeen Euskal Jaian

Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeek antolatutako Umeen Euskal Jaiaren LII. edizioa ospatuko da domekan. Bertan 400 ume eta 60 arduradun inguru batuko dira. Eguneko egitarauan goizean egingo den kalejira eta arratsaldeko alardea nabarmenduko dira.

DurangoEuskalJaiaEdizio honetan Durangaldeko eta Sestaotik etorritako hamaika talde bilduko dira. Tronperri eta Txoritxu Alai taldeekin batera Traña-Matienako Iluntze, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Elorrioko Besaide, Mañariko Andra Mari, Zornotzako Udabarri eta Ermuko Txindurri dantza taldeak izango dira. Partaidetza Sestaoko Salleko taldeko dantzariekin osatuko da.

Eguneko egitaraua dantza taldeek 11:30etatik aurrera egingo duten kalejirarekin hasiko da. Arratsaldeko alarde nagusiak berriz, 17:00etan hasiko da, Ezkudi plazan eguraldi ona eginez gero eta Landako gunean euria bada.

Dantzari guztiek bilduko dituen agerraldia mutilek eskainiko dituzten ‘Agintariena’, ‘Zortzikoa’, ‘Ezpata txikia’, ‘Banangoa’ eta ‘Txotxongilo’ dantzekin hasiko da eta jarraian ‘Arku dantza’, ‘Zinta dantza’, ‘Kontrapas’ eta ‘Sagar dantza’ esakiniko dituzte nesken taldeak. Ondoren, ‘Esku dantza’, ‘San Petrike’, ‘Txulalai’ eta ‘Zapatain dantza’ eskainiko dituzte umetxoek eta agerraldia amaitzeko ‘Fandangoa’ eta ‘Arin-arina’ dantzatuko dituzte partaide guztiek.

http://www.durangon.com/eskualdeko-eta-sestaoko-400-dantzari-bilduko-dir...

durangon.com
25 Octubre 2018