Zuberoa zati bat Bizkaian

Berrogei urte bete ditu Bilboko Begoñaibarra auzoko Salbatzaile dantza taldeak, eta Zuberoako maskarada antzeztu dute urtemuga ospatzeko. Ehun lagunek parte hartu dute.

maskarada

Zuberoa, baina Zuberoako lurretatik kanpo. Guztiz itxuraldatuta zegoen atzo Bilboko Begoñaibarra auzoko giroa. 40 urte bete ditu auzoko Salbatzaile dantza taldeak aurten, eta Zuberoako maskarada eginez ospatu dute urteurrena. Ehun lagun inguru bildu dira barrikadetan eta ofizioetan; dantzan eta jauzika, hiriburuko kaleetan gora eta behera. Zuberoan bezala, baina Bizkaiko hiriburuan. «Begira nola hasi ginen, eta begira nola gauden orain», esan du Begoña Arroyo 87 urteko emakumeak, ikuskizunaren bazter batetik. Salbatzaile dantza taldearen sortzailea da Arroyo, eta ez du hutsik egin goizetik eguerdira bitarte auzoan egin den desfilean. «Lau haur besterik ez ginen gu, taldearekin hasi ginenean». Atera dira xorrotxak plazaren erdialdera, eta hasi dira bi ahotsetan bertsotan kantari. Naia Kortazar da horietako bat, Arroyoren biloba. Dantzari multzoari begira geratu da Jabi Iruretagoiena ere: «Auzolanean prestatu dugu. Ia auzo osoa pasatu da, momentu batean ala bestean, dantza taldetik». Gitarra jotzaile lanetan ari da Iruretagoiena.

1978an sortu zen Salbatzaile, eta, ordutik hona, auzoko belaunaldi guztietako hankak jarri ditu dantzan. «Begok [Arroyok] bazekien maskarada dantzatzen, Bilboko Dindirri taldeko kidea izan baitzen». Maskaradaren hainbat dantza erakutsi zituen auzoan elkartea sortzean, eta 1991n egin zuten osorik jendaurrean, lehen aldiz. «Taldeari lotuta dago maskarada, nolabait. Lehen saio hartan parte hartu zuten asko daude gaur hemen, eta beren seme-alabekin batera ari diren beste horrenbeste auzokide ere bada». Horra, Iruretagoienaren arabera, Salbatzaile belaunaldi artekoa dela erakusten duen adibiderik argiena. Azaldu duenez, egun 5 urtetik gorako 200 lagun inguru biltzen ditu elkarteak. «Atzetik datozen belaunaldiek txanda hartzea da asmoa», azaldu du Yolanda Lopezek. Berezia da Lopezen egoera: Arroyo du ama, Salbatzaileren sortzailea, eta Naia Kortazar alabarekin batera aritu da ikuskizunean kantari.

Auzoari lotuta

Uribarri auzoko Trauko kaletik abiatuta, bost geldialdi egin ditu taldeak, Begoñaibarreko Funikular plazara iritsi bitarte. Geltoki bakoitzean barrikada bat izan dute zain, auzoko eragile eta elkarteek osatutakoa. Besteak beste, Bizitegi elkarteko kideak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoak eta mugimendu feministakoak jaso dituzte Uzturre plazan, eta rapa eskaini diote dantza taldeari. «Arin-arin eta fandango/ Salbatzaile gabe.../auzoa zer izango?», hasi da abesten Gorka Suaia rap kantaria. «Entsegu gutxi egin ditugu», aitortu du Suaiak, irriz. «Auzoko herri mugimendua ordezkatu dugu barrikadan. Rap bat sortu eta abestea proposatu zidaten, eta, parte hartzailea egiteko, erritmoa markatu didate kideek, ahotsarekin».

Dantza taldeko aitzindari izan zirenek osatu dute kalejirako azken geltokiko barrikada, eta omenaldia egin diote bertan Arroyori. Ez da omendu bakarra izan, hala ere. Dantza taldean jostun aritu direnak ere izan dituzte gogoan. «Sekulako lana egin dute: haiek egin dituzte jantzi guztiak», azaldu du Iruretagoienak.

Ia hiru orduz aritu dira kaleetan gora eta behera, eta atsedena hartu beharrean bukatu dute goiza. Arratsaldean, baina, osorik jokatu dute Zuberoako maskarada, Funikular plazan. Erromeriarekin bukatzekoa zuten eguna: erdi Bilbon, erdi Zuberoan.

https://www.berria.eus/paperekoa/1960/048/001/2018-11-18/zuberoa_zati_ba...

Berria
18 Noviembre 2018