Giro ederrean igaro dute Busturialdeko Dantzari Eguna

Zapatuan elkartu ziren Mundakan inguruetako herrietako dantzariak. Iluntzean eman zioten hasiera dantzei, herriko Isla Kale kiroldegian batuz era guztietako dantzak eskaintzeko.

200 dantzari baino gehiago batu ziren Mundakan. Argazkia: Txebi Arriaga

200 dantzari baino gehiago batu ziren Mundakan. Argazkia: Txebi Arriaga

Mundakako Egunsenti Dantza Taldeak antolatu zuen ekitaldia, eta arduradunek azaldu dutenez, 200 dantzari baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian. Modu horretara, Egunsentiko kideekin batera, Bermeoko Alkartasuna, Busturiko Irrintzi Alai , Gernika-Lumoko Elai-Alai, Gautegiz Arteagako Artie, Ajangizko Artxube, Foruko Urdaibai eta Bakioko Itsas-Alde dantza taldeetako dantzariek arratsalde zoragarria igaro zuten.

19:30ean hasi zuten ekitaldia, neskek egindako agurragaz batera. Ondoren mutilek ezpata-joko nagusia edota txotxongiloa dantzatu zuten, eta neskek Ibarzabalgo arku dantza egin baino lehenago. Sarreraren ostean talde bakoitza bakarka dantzan aritu zen, eta herri desberdinetako dantzariek ikusleei errepertorio zabala eskaini zieten.

Errepertorio zabala. Esate baterako, Elai-Alai Dantza Taldeak Bizkaiko popurri bat dantzatu zuen, Urdaibai Dantza Taldea polkekin ibili zen, Artxubekoek Gipuzkoako Uztai Txiki dantzatu zuten, Alkartasunako bermeotarrek Zuberoa, Artiek Sorgin Dantza eskaini zuen, Irrintzi Alaik Ingurutxo eta Itsas-Aldek Betti eskaini zuen, besteren artean. Egunsentik, bere aldetik, Beteluko jota, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituen.

Egun berezi horri amaiera ezin hobea emateko, dantzen ostean afaria egin zuten partaideen artean kiroldegian bertan, eta ostean erromeriaz gozatu zuten.

Antolatzaileen berbetan, aurtengo Busturialdeko Dantzari Eguna oso arrakastatsua izan da. “Oso ondo pasatzen aritu ginen ekitaldiko dantzekin. Ostean egindako afarian eta erromerian ere itzel ibili ginen, ez bakarrik dantza taldeetako kideak, Mundakako bizilagunak ere hurreratu ziren gurekin batera ondo pasatzera”.

Nabarmendu dutenez, “giro ederra izan zen” zapatuan Mundakan, eta dantzarien eta antolaketa taldearen lana goraipatu nahi izan dute.

Argazkiak: Txebi Arriaga.

hitza.eus
12 Noviembre 2018