200 dantzari inguru bilduko dira domekan Elorrioko Euskal Jaian

ElorriokoEuskalJaiaElorrioko Besaide Dantza Taldeak antolatutako Euskal Jaia ospatuko da domekan Elorrion eta ekimenean eskualdetik gerturatutako zein herriko bertako 200 dantzari inguruk parte hartuko du. Prestatutako egitarauan goizeko kalejira eta arratsaldeko alardea nabarmenduko dira.

Euskal Jaira Abadiñoko Talde Batuak, Berrizko San Lorentzo eta Iremiñe, Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai eta Mañariko Andra Mari taldeetako dantzari eta txistulariek gerturatuko dira. Beraiekin batera, Betsaide Dantza Taldeko 60 bat ume, txistulariek eta plaza dantzak lantzen dituen taldea ere egongo dira.

Eguneko egitaraua 11:00ak aldera hasiko da, ekimenean parte hartuko duten taldeek frontoian elkartzen direnean. Eguerdian kalejira bat egongo da eta 13:00ak aldera kanpotik etorritako umeek herriko familietan banatuko dira elkarrekin bazkaltzeko. Ondoren, trikipoteoa egingo dute arduradunek.

Arratsaldeko 16:30ean herriko plazan bilduko dira dantzari guztiak, edo kiroldegian eguraldi txarra eginez gero. Ordu erdi geroago partaideen dantza alardea hasiko da eta ekitaldian dantzari dantza zein nesken eta umeen ohiko dantzak tartekatuko dira.

http://www.durangon.com/200-dantzari-inguru-bilduko-dira-domekan-elorrio...

durangon.com
5 Abril 2019