Dantzan, loratzen doan eguna

Morgako Dantza Loraldia ospatu zuten zapatuan. 180 dantzari inguru bildu ziren, Bizkaiko leku ezberdinetatik heldutakoak. Giro politak bultzatuta, egun ederra pasatu zuten.

Hirugarren urtez ospatu dute, eta loratzen doan eguna da. Morgako Dantza Loraldia ospatu zuten zapatuan herri horretan, eta eguraldia egokiena izan ez arren, beren beregi egun horretarako txukundutako herriko kaleetan dantzatzeko bide eman zuten eguneko aterruneek.

Morga Dantzari Kantarik antolatuta, Morgako Dantza taldearen laguntza izan du duela hiru urte sortutako ohiturari jarraipena emateko. Txandaka antolatzen dute euskal dantzek eta euskal ohiturek herriko kaleak betetzen duten eguna, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin. 180 dantzari inguruk herria alaitu zuten. Morgako dantzariez gain, inguruko herrietatik heldutako askok ere parte hartu zuten dantza loraldian: Errekaldeko Arraizpe dantza taldea, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldea eta Fruiz dantza taldea. «Egun ederra» igaro zutela esan dute antolatzaileek, eta iaz baino jende gehiagok parte hartu zuela jaialdian. Dantzarien artean, gehienak umeak izan zirela nabarmedu dute Morga Dantzari Kantariko kideek, eta musikarien lana goraipatu dute, eguna «primeran» alaitzeko gai izan zirela azpimarratuta.

Erraldoien laguntza ere izan zuten dantzarako. Santutxuko Gaztedi gaiteruekin batera, talde horretako Aittitte Mahatzorri eta Jostune erraldoiak ere Moragan izan baitziren zapatuan.

150 lagun bazkaltzen. Egun osoko jaia izanda, herri bazkaria ere egin zuten. Estarta tabernaren mahaiaren bueltan, 150 lagun inguru bildu ziren zapatuan.

Dantzan eta kantuan ibiltzea gustuko duen herria da Morga, eta zapatuko jaia ere horretarako aproposa izan zen. Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, dantzen eta kantuen inguruan ahalik eta egunik politena eta parte hartzaileena igaro zuten.

 
hitza.eus
28 Mayo 2019