Herri jakituria agertokian

Santutxu

Natalia Salazar Orbe

Herriaren ezagutza, jakinduria edo ondarea. Horixe esan nahi du folklore hitzak. Ingelesezko folk berbak herri, herritar, herriko izendatzen du. Lore, berriz, jakituria itzul daiteke. Pertsona talde batek edo komunitate batek partekatzen duen jakituria gorpuzten duen baliabidea. Horixe, bada, folkloreak jasotzen duena. William Thoms ingelesak 1845. urtean sortu zuen kontzeptua munduan barrena hedatu da, tokian tokiko herri eta komunitateen jakituriaren adierazpenak izendatzeko. Mendeetan osatutako jakituria horren sustraiak alboratu gabe hazi dira Euskal Herriko herriak ere. Adierazpen horietako batzuen agertoki bihurtuko da egunotan Bilboko Santutxu auzoa, Santutxu Kolorea jaialdiarekin. Bertan erakustaldia egingo dute Bilboko Gaztedi dantzari taldeak eta Galiziako Asociacion Rebulir Cultura Tradicional Ramiras elkarteak.

Herri folklorea du ardatz gaur hasi eta igandera arte iraungo duen jaialdiak. Hala ere, aurten, arreta berezia eskainiko diete dantzei. Gainera, iaz hasitako ohiturari jarraituta, erraldoien konpartsek ere leku garrantzitsua izango dute. Hala, Gaztedi dantzari taldeak Bilboko Udalarekin elkarlanean antolatutako jardueren barruan, dantzariak, erraldoiak eta gaiteroak ariko dira kalez kale, hiru egunetan. Dozena erdi taldek eskainiko dituzte ikuskizunak. Santutxu Kolorea egitasmoaren helburua da folklorea bultzatzen jarraitzea, eta ikus-entzuleei ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera ematea.

Gaur abiatuko dituzte jarduerak, 18:30ean. Kalejiren ostean, Dantzakide taldeak hilabete bakoitzeko hirugarren ostiralean Karmelo plazan antolatzen duen erromeria tradizionalarekin ekingo diote jaialdiari.

Biharko egitaraua dantzei eskaini diete. Gaztedi dantzari taldeak eta Galiziako Asociacion Rebulir Cultura Tradicional Ramiras elkarteak (Ourense, Galizia) kalejira egingo dute. Ostean, dantza emanaldia egingo dute biek.

Galiziako taldea 2005ean sortu zen, Ramiraseko gaita bandarekin eta herri bereko dantza eskolarekin batera. Orduz geroztik hainbat jaialditan hartu du parte elkarteak. Iaz Xavier Pardo saria eman zioten, Galiziako kultura berreskuratzen, hedatzen eta haren balioa nabarmentzen egindako lanagatik.

Erraldoien konpartsak izango dira igandeko protagonistak. Goizean goiz diana joko dute Bilboko eta Gaztedi taldeko gaiteroek. Handik gutxira, harrera egingo diete Sestaoko Birakari erraldoien konpartsari, Bermeoko KIETB erraldoien taldeari eta Mairuek Gaztediko erraldoiei, Karmelo plazan. Harreraren ostean, kalejiran aterako dira auzoko kaleetan barrena. 14:00etan emango diete bukaera emanaldioi, dantza herrikoi batekin.

Bilboko erraldoi konpartsarik zaharrena da Mairuek Gaztediko Erraldoiak. Herri xeheko lau pertsonaiak osatzen dute: Aittitte Matsorrik —Begoñako baserritarra—, Jostunek —Areatzan elkartzen ziren jostunak irudikatzen ditu—, Kargeruek —itsasadarreko kaietako emakume karga-eramailea— eta Anguleruek —dagoeneko bertatik desagertuta dauden angulak itsasadarrean bilatzen zituen angula bilatzaile klasikoa—.

Sestaoko Birakari erraldoien konpartsa beste lau erraldoik osatzen dute: Bartolo marinelak, Maritxu sardina saltzaileak, Martin olagizonak eta Felisa eskarabillerak. Bermeoko KIETB erraldoien taldea, berriz, figura txikiagoek osatzen dute, eta 8 eta 13 urte arteko gazteek dantzatzen dituzte. Gazteek dantzatuak izateko pentsatuta daudenez, zaletasuna ume eta gazteen artean sustatzeko bidea ematen du taldeak. Belaunaldien arteko segida bermatzen laguntzen du horrek.

Gaztedi Santutxuko dantzari taldea da Santutxu Kolorea jaialdiaren anfitrioia. 1951. urtean sortu zuten taldea. Euskal Herriko lurralde guztietako dantzak egiten dituzte, eta urtez urte dantza sorta berritzen eta zabaltzen saiatzen dira. Gaur egun 35 dantzari eta musikari inguru ditu Gaztedi taldeak, eta hainbat adinetako ehundik gora ume. Helduentzako ikastaroak ere eskaintzen dituzte, auzoan euskal dantza eta folklorearekiko grina zabaltzeko helburuz. Tradizioarekiko soka eten ez dadin.

Bigarren urtez antolatu dute Santutxu Kolorea jaialdia, eta folklorez jantziko dituzte Bilboko auzoko kaleak. Folklorea bultzatzen jarraitzeko helburuari eutsiko dio aurtengo ekinaldiak ere.

Gaur. Erromeria eguna

18:30. Gaztediko txistularien kalejira, Santutxuko kaleetatik.

19:30. Erromeria: Dantzakide, Gaztedi dantzari taldeko musikariekin. Karmelo plazan.

Bihar. Dantza taldeen eguna

12:00. Galiziako Rebulir elkartearen eta Bilboko Gaztedi dantzari taldearen desfilea. Basarratetik Karmelo plazara.

19:00. Dantza emanaldia: Rebulir eta Gaztedi taldeen erakustaldia. Karmelo plazan.

Etzi. Erraldoien eguna

10:00. Dianak, Gaztedi dantzari taldeko gaiteroen eta Bilboko gaiteroen eskutik. Santutxuko kaleetan zehar ibiliko dira ordu eta erdian.

11:30. Santutxun harrera egingo diete erraldoi taldeei: Birakari Sestaoko erraldoien konpartsa, Bermeoko KIETB erraldoien konpartsa eta Mairuek Gaztediko erraldoiak elkartuko dira. Karmelo plazan.

12:00. Erraldoien kalejira auzoan zehar: Karmelo plazatik abiatuta, Karmelo kalea, Ricardo Bastida arkitektoaren plaza, Errosario Santua kalea, Allende Partikularra kalea, Albacete kalea, Iturriaga kalea eta Arsuaga plaza igarota, Karmelo plazan bukatuko dute ibilbidea Karmelo kaletik sartuta.

https://bizkaia.hitza.eus/2019/06/21/herri-jakituria-agertokian/?fbclid=...

hitza.eus
21 Junio 2019