'Dantza plazetan' programak 50 ekintza inguru eskainiko ditu aurten

dantza-plazetanBILBO. Hemen da Bilboko Udalak sustatutako 'Dantza Plazetan' programaren edizio berri bat. Bihar bertan hasiera emango zaio XIX. denboraldiari. Ekimen honen helburua euskal folklore herrikoia plazetara eramatea da, erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez.

Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako, Errekaldeko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko diren 51 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udalak hiriko zortzi dantza talderen laguntza izango du, – Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Goi Alde, Beti Jai Alai eta Batasuna Arraizbide Dantza Taldea–, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Egitaraua bihar, urtarrilaren 25ean, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen den erromeria tradizionalarekin. Otsailean dagoeneko, bi erromeria daude programatuta, 15ean, Deustuko San Pedro plazan eta 29an Santiagoko plazatxoan; horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak eta Beti Jai Alaik erakustaldiak eskainiko dituzte, eta Ondalan taldeak bi kalejira egingo ditu, erraldoiekin Deustun eta San Inazion.

Arriaga plaza erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, ekainaren 6an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik. Aurten ere Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da Areatzan, ekainaren 13an, larunbatean, egingo den hamargarren edizioarekin. Ohikoa denez, uztaileko larunbat arratsalde guztietan, dantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, gure hiria bisitatzen duten pertsonei gure folklorea ezagutzeko aukera eskaintzeko.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jarduerei buruzko Bilboko Udaleko webgunean www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

https://www.deia.eus/cultura/2020/01/24/dantza-plazetan-programak-50-eki...

Deia
24 Enero 2020