Hemen da Jantza Plazetan

plazetan

Urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan, erromeria egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

Bilboko Udalak, uriko plazatan eskainiko diran erromeria tradizionalen, jantzaldi eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko asmoa dauen Jantza Plazetan programearen hemeretzigarren denporaldia jarriko dau martxan astegoien honetan, jantza tradizionalen alderdi parte-hartzailea berreskuratuz.

Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako, Errekaldeko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan izango diran 51 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udalak uriko zortzi jantza talderen laguntzinoa izango dau, – Salbatzaile Jantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Jantza Taldea, Gaztedi Jantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konparsea, Goi Alde, Beti Jai Alai eta Batasuna Arraizbide Jantza Taldea–, baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen, eta Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren lankidetzea be.

Egitaraua urtarrilaren 25ean hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Jantza Taldeari esker, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxuan, egiten dan erromeria tradizionalagaz. Zezeilean erromeria bi dagoz programauta, 15ean, Deustuko San Pedro plazan eta 29an Santiagoko plazatxuan; horrezaz gan, Bihotz Alai Folklore Jantza Taldeak eta Beti Jai Alaik erakustaldiak eskainiko ditue, eta Ondalan taldeak kalejira bi egingo ditu, erraldoiakaz Deustun eta San Inazion.

Arriaga plazea erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, bagilaren 6an, zapatuan, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik. Aurten be Larrain Jantzaz gozau ahal izango da Arenalean, bagilaren 13an, zapatuan, egingo dan hamargarren edizinoagaz. Ohikoa danez, garagarrileko zapatu arratsalde guztietan, jantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik, gure uria bisitetan daben personei gure folklorea ezagutzeko aukerea eskaintzeko.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jarduerei buruzko Bilboko Udaleko webgunean www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informazinorako 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.

https://bizkaie.biz/1579867616477?fbclid=IwAR37ksDPqN9MuekZz_mN1KcCMScvp...

bizkaie.biz
24 Enero 2020