Mikeldi dantza taldeak Euskal Ezkontza ospatuko du martxoaren 15ean

Euskal EzkontzaBadira 25 urte baino gehiago Deustun Euskal Ezkontza antolatzen duela Mikeldi dantza taldeak eta aurtengoak badu data: martxoaren 15a.

Euskal Ezkontza antolatzeko proposamena Matxintxuko irakasle eta zuzendari ohia zen Luxie azkoitiarrak luzatu zion Mikeldi Dantza Taldeko garaiko irakasle zenari, Edurne Kortazarri. Lehen antzezlan hura, duela 25 urte baino gehiago egin zena, hiru urterik behin errepikatzen saiatu da Mikeldi. Deustuko hainbat talde eta herritarrei luzatzen diete beti ospakizunean parte hartzeko gonbita, eta aurten ere helburua auzoko hainbat alorreko jendeak parte-hartzea da.

Antzinako euskal ezkontza antzezten dute eta ahalegin berezia egiten dute orduko itxura errespetatzen. Handik datoz pertsonaien antzinako arropak, idiak eta gurdia, ezkongaientzako opariz, maindire, sukalderako tresneriaz betetzen dutena. Zenbat eta beteago, orduan eta aberatsagoak ziren ezkongaiak eta zenbat eta gurdi gehiago, orduan eta aberatsago ere. Deustun erdi-mailako familia jokatzen dute gurdi bakar batekin.

Antzezlana antolatzeak aurretiazko ikerketa lana dakar eta, adibidez, garaiko benetako ezkongaien izenak Derioko Erregistro Zibilean bilatu zituzten. Mikeldik eginiko azken ikerketan, 1879ko Guillermo Achaerandio Arteche eta Concepción Donata Basabe Marcaida ezkongaiak aukeratu zituen ezkontzarako. Achaerandio sondikarra zen eta 24 urte zituen Deustura ezkondu zenean. Basabe Deustuko etxekoandrea zen, ordea. 

Euskal jantziei buruzko liburuetan murgildu dira dantza-taldekoak XIX. mendeko amaierako janzkera ikertzeko asmoz. Aukeratutako sasoiko arropen patroiak atera eta jostunei egitea proposatu zieten orain urte batzuk. Horrek taldeari dirua aurreztea eta inbertsio garrantzitsua egitea ekarri zion. Pertsonaia asko daude antzezlanean, jantzi beste: ezkongaiak, senarraren gurasoak, emaztearen gurasoak, alkatea, apaiza, eliz mutila, notarioa, mediku gizona eta emaztea, indianoak, inudea, argazkilaria, andereñoa eta jostunak, besteak beste.

Ezkondu aurretik, ezkongaiek, gurasoekin batera, ezkontza-hitzarmenaren notario-idazkia (kontratua) sinatzen zuten notarioaren aurrean. Orduan ere, neskaren lagunek ezkontza-opariak etxe berrira eramaten zizkioten, ez bazituzten gurdian bertan uzten. 

Aurtengo Euskal Ezkontza martxoaren 15ean izango da 12:00etan Done Petri plazan. Bertan, gurdia apaindu eta beteko dute. Ezkongaiak prest daudenean, Deustuko kaleetan kalejiraz aterako dira musikarien doinuaz lagunduta. Bidean, geldialdi pare bat egingo dituzte dantzaldiari eta abesbatzari tartea utziz, Deustuko Kantugintza taldearen eskutik. Amaieran, azken dantzaldia, bertsoak kantatu eta antzezlana jokatuko dute plazan. Notarioaren aurreko idazkia irakurri eta, bukaeran, brindisa eta talde argazkia egingo dituzte.

Beraz, martxoaren 15ean etorri Done Petrira Euskal Ezkontza ospatzera! Gonbidatuta zaude!

2010eko euskalezkontza ospakizunaren amaierako talde argazkia

uriola.eus
4 Marzo 2020