Karmen Egun desberdina igaro dute Markina-Xemeinen

Xemein Abesbatza kantuan entzuteko aukera ere egon da goizean. Mezaren ondoren soka-dantza dantzatu dute Zerutxu dantza taldekoek. Aurten, baina, bakarrik Goiko Portalean dantzatu barik Goiko Portaletik irten eta Guen Kaleatik abiatu dira Zelai ingurura.

zerutxu Zerutxu dantza taldekoak Guen Kaleara sartzen dantzan.

Ohiko jairik ezin bada ospatu ere, maskarak jantzi eta kalera irten dira markina-xemeindarrak Karmen Egunean [uztailak 16]. Imanol Aretxabaleta, Elene Ansola, Rakel Pujana eta Garikoitz Salcedoren txistu eta danbolin doinuek alaitu dituzte kaleak goizean, eta errepika bizian ere jo dute kanpaiek egun berezia zela gogora ekarriz.

Xemein Abesbatza kantuan entzuteko aukera ere egon da goizean. Urtero modura, mezatan abestu dute, eta Karmengo elizako mezaren ondoren soka-dantza dantzatu dute Zerutxu dantza taldekoek. Ez da ohiko dantzaldia izan. Egoerari egokituta, bakarrik Goiko Portalean dantzatu barik Goiko Portaletik irten eta Guen Kaleatik abiatu dira Zelai ingurura, eta Vega parean eta Arkupe aurrean ere dantzatu dute. Azken dantzaldia Goiko Portalean egin dute berriro. Aurten, gainera, neskak batu dira dantzara eta aurreskua ere egin dute. Eskutik oratuta barik, zapiak erabili dituzte dantzariek bata besteari eutsita joateko. Txalo zaparradagaz eskertu dute herritarrek dantzarien ikuskizuna.

Zelaiaren bueltan, berriz, artisau eta sortzaileen azoka egon da. 11:00etan ireki dituzte postuak, eta hurreratu direnek apaingarriak eta era askotako eskulanak eskuratu ahal izan dituzte bertan. Azokak arratsaldean ere zabaldu ditu ateak, 17:00etatik 20:30era.

Bestalde, Karmen jaiak ospatu behar ziren egun hauetan zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei Markina-Xemeingo Udalak. Azpimarratu dutenez, ez da ohiko jairik egongo, eta ostalariek indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak bete beharko dituztela azaldu dute. “Guztion osasuna bermatu eta orain arte egindako esfortzu guztia ezerezean geratu ez dadin, maskara erabili eta segurtasun neurriak betetzeko dei egiten dugu”.

Arratsaldean, baita ere, kuadrillen arteko Hiru Txirlo Txapelketa egin da. Horretan 8 taldek parte hartu dute; 38 bolari aritu dira. Irabazlea Atxurre kuadrilla izan da, 31 txirlo jota. Txapelketa irabazita, talde horretako kideek parrekoa jokatu dute. Eta horretan, Joseba Espilla izan da onena. Bigarren eta hirugarren geratu dira, Fidel Madariaga eta Mirari Azkune, hurrenez hurren.

 

 

Hitza.eus
16 Julio 2020