Eskualdeko sei herritako 10 dantza taldek Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko dute zapatuan Zelaietan, Abadiñoko Talde Batuak ekimenaren anfitrioiak izango direla. Hitzordua Durangaldeko dantza taldeak eta txistulariak antolatu dute, Gerediaga elkartearen eta Abadiñoko Udalaren laguntzarekin.
Arratsaldeko 17:30ean San Trokaz plazatik probaleku aurreko parkinera arteko kalejirarekin hasiko den ospakizunean, Abadiñoko Talde Batuak-eko bi talde izango dira; Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo; Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai; Iurretako dantzariak; Mallabiko Gazte Alai; eta Zornotzako Udabarri.
Taldeek eskainiko duten agerraldian Dantzari-dantzako bederatzi piezak dantzatuko dituzte; hau da, Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Saioari amaiera emateko, soka-dantza edo erregelak egingo dituzte.
Eguna borobiltzeko, 20:30ean hasita, Oxabi taldearekin poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.
50 urtez Gerediaga elkartearen koordinazioarekin eta dantzarien antolaketarekin egiten zen Durangaldeko Ezpatadantza Eguna, 2018an errekuperatu zen Berrizen egin zen oekitaldiarekin. Gero pandemiaren etorri zen, “eta gainbeheran zegoen ospakizuna eten egin zen”, antolatzaileen esanetan. Iaz berriro elkartu ziren Otxandion Durangaldeko herri batzuetako dantza taldeak.
Dantzari-dantza “ondare immaterial aberatsa” bada ere, “herri gehienetan zailtasunak dituzte plazara aterako den talde bat eratzeko”. Izan ere, “gainbeheran dago Dantzari-dantza Durangaldean”, antolatzaileen arabera.
Ezpatadantzari Eguna berreskuratzeko helburuarekin, “eskualdeko dantza talde guztiei egin zaie parte hartzeko gonbitea”. Eta partaidetza errazteko Dantzari-dantzako dantza guztiak jakin barik ere dantzariak plazan egon ahal izango dira.
50. urteurrena
Durangaldeko Ezpatadantza Egunaren anfitrioia izango den Taldea Batuak, 50 urte bete zituen 2020an, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta ezin izan zuten ospatu. 1970. urtean taldea sortu aurretik, Abadiñon baziren dantzariak.
60ko hamarkadan, abadiñar batzuk auzo bakoitzean dantza taldeak sortzeko lanean hasi ziren. Eta sortu ere sortu ziren: Hamabi Harri Gerediagan, Alluitz eta Alluitz Txiki Mendiolan, San Martin taldea Gaztelun, San Trokaz eta San Trokaz Txiki Zelaietan, Trañapadura Matienan eta Muntsaratz.
70eko hamarkadan Bizkaiko Dantzarien Biltzarra sortu eta bertako kide izateko federatu behar zenez, ikusita auzoetan hainbat talde sortu zirela, Abadiñoko dantzariak ‘Talde Batuak’ izenarekin parte hartzea erabaki zuten.
https://www.durangon.com/sei-herritako-10-dantza-talde-izango-dira-zapat...