Azaroaren 28an Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik jaso zuen saria Leitzako Aurrera dantza taldeak. 1932an dantzatu zuten lehenbizikoz ezpata dantza herriko batzokiaren inaugurazioan. Patxi Ripa ibili zen erakusle lanetan hasiera hartan, Durangaldeko Dantzari dantzan jatorria duen dantzakera Leitzara ekarriz. Geroztik beti dantzatu izan da herrian, Gerra Zibil garaian izan ezik baina, dantza berreskuratu eta gaur egunera arte iritsi da. Abuztuaren 11n, herriko festetan dantzatu ohi dute eta ekitaldirik jendetsuena izan ohi da. Argazkiak: Aurrera dantza taldea
Aurrera dantza taldeko kideak «eskertutza» daude Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak egindako aitortzagatik. Azaldu dutenez, urte asko pasa dira 1932an herriko batzokiaren inaugurazioan lehenbizikoz ezpata dantza dantzatu zutenetik: «Patxi Ripa ibili zen erakusle lanetan hasiera hartan, Durangaldeko Dantzari dantzan jatorria zuen dantzakera Leitzara ekarriz. Orduz geroztik, leitzarrak gure dantza kuttunenetariko bat daramagu gure baitan».
Saria dantza taldeari eman dioten arren, sariak leitzar bezala egiten dietela ilusioa aitortu dute: «urtero-urtero, berrogei graduko tenperaturak jasan, euria egin edo pandemia garaian izan, gure herriko plaza, abuztuaren 11ro, beti, salbuespenik gabe, jendez lepo ikusten dugulako.Tradizioak egiten gaitu herri, ezpata dantzak hein haundi batean. Beste kontu askorekin batera noski, gure Ingurutxoa artean».
Aurrera Dantza taldea omendu nahi izan du Bizkaiko Dantza Biltzarrak, Leitzako Ezpatadantza mantentzeagatik, baina argi dute sari hau: «leitzarrentzat eta Leitzako herriarentzat dela. Apenas gelditzen da Ezpatadantza lehendabizikoz ikusi zuenik gure herrian; espero dezagun, afizioa bazegoelako, badagoelako eta izango delako, inoiz ez gelditzea Leitzako Ezpatadantza azkenekoz dantzatzen ikusiko duenik».
https://erran.eus/leitzaldea/1701507200466-leitzako-aurrera-dantza-talde...