3.500 dantzarik parte hartuko dute domekan Zornotzan egingo duten Bizkaiko Dantzari Egunean

44. Bizkaiko Dantzari Eguna egingo dute domekan Zornotzan; 3.500 dantzarik eta 70 dantza taldek parte hartuko dute. 11:30ean hasiko da egitaraua, eta San Migel eta San Pedro kaleak izango dira egitasmoko agertoki nagusia. 

Goizetik ekingo diote jaiari domekan Zornotzan. 10:45ean kalejira bat egingo dute, eta 11:30eatik aurrera dantza emanaldiak egingo dira. Jose Mari Oyarzabal Bizkaiko Dantzari Biltzarreko lehendakariak, besteak beste zornotzarren eta Udabarri taldeko kideen inplikazioa nabarmendu ditu. "110 boluntario edukiko ditugu taldean, eta guztia prest dago domekarako. Urtero urte osoan zehar dantza taldeetan egiten den lana erakusteko leiho paregabea da jai hau", azaldu du. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak domekakoa egun handia izango dela azpimarratu du. "Gure ohiturei jarraipena eta oihartzuna emateko modua da, eta ezinbestekoak dira horrelakoak. Ohore bat da zornotzar guztientzako jai hau bertan egitea". 

Trafikoan eragina

Bizkaiko Dantzari Egunaren harira, trafiko etenak egongo dira Zornotzan asteburuan. Horrela, maiatzaren 18ko 22:00etatik maiatzaren 19ko 16:00etara debekatuta egongo da San Migel kalean eta Gregorio Mendibil kaleko 2.zenbakian aparkatzea. Bestalde, 10:00-11:00 bitartean Ogenabekoa eta Arrieta kaleak trafikoari itxita egongo dira; 10:30-16:00 bitartean San Migel, San Pedro, Txiki-Otaegi eta Urbano Larruzea kaleak itxita egongo dira. 

https://anboto.org/zornotza/1715869959272-3500-dantzarik-parte-hartuko-d...

anboto.org
17 Mayo 2024