Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna larunbatean ospatuko da Zaldibarren

Euskal dantzen jaian eskualdeko bederatzi herritako 11 dantza talde eta txistulariek parte hartuko dute

Oihane Buruaga

Zaldibar | 22·05·24 | 09:23

Iaz Abadiñon egin zen Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna.

Iaz Abadiñon egin zen Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. PRENTSA

Larunbat honetan, maiatzak 25, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko da. Aurtengo hitzordua Zaldibarren izango da eta bertan, eskualdeko bederatzi herritako 11 dantza talde eta txistulariek parte hartuko dute. “Durangaldeko dantza taldeak eta txistulariak batuko dira, herriaren ondare diren heinean duten garrantzia azaleratu eta aldarrikatzeko”, azpimarratu dute Gerediaga Elkartetik.

Izan ere, iaz Abadiñon hasitako bideari jarraituz, aurten Zaldibarren ospatuko dute Durangaldeko Ezpatadantzarien Eguna eta ospakizunean, Zaldibarren ezezik, Durangaldean eta Euskal Herrian ere lan handia egin zuen Balendin Lasuen Solozabal zaldiabartarra omenduko dute. Hain zuzen ere, ekainaren 1ean, 100 urte beteko dira bera jaio zela. Politikari, enpresaria, euskal idazle, eta historia-ikertzailea izan zen eta Euskal Herria kultura aldetik suspertzeko lan handia egin zuen. Zaldibarko Koraleko presidente modura eta Zaldibarko alkate modura, herriko kultur bizitzan eragin eta ereindakoa izan zen. Tartean, dantzaria ere izan zen, zortzi urterekin 1932.urtean, atera zen lehenengoz plazara. “Dantzari egun hau aukera ezin hobea da Balendin Lasuenek gure herriaren, eskualdearen eta Euskal Herriaren alde egin zuen lan nekaezina gogoratzeko. Pasio eta konpromiso handiz sustatu zituen euskara, kultura, ikerketa eta udalgintza. Pasioz eta konpromisoz jardun, hain zuzen ere, dena berreraikitzeke zegoen garaian. Balendin Lasuen beti izango dugu gogoan gure herriaren alde egindako guztiagatik”, nabarmendu du Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak.

EGITARAUA

Eguneko programazioari dagokionez, Zaldibar ezpataz eta txilinez beteko da hilaren 25ean, goizez. eta ospakizunak eguerdi aldera hasiko dira, Euskal Herria etorbidean.

12:30ean kalejira hasiko da Olazar frontoiaren aurrean eta 13:00ean Balentin Lasuen gogoan ekitaldia burutuko da, Zaldibarko Koralaren parte hartzearekin. 13:15ean, omenaldi xumearen ostean, Dantzari-Dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.

Dantza-saioa bukatu eta gero, 14:30ean bueltan erromeria kalerik kale izango da Gorka Valdes soinulariarekin eta Mikel Elizaran panderojolearekin. Larunbateko erakustadian parte hartuko duten taldeak Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai, Otxandio Urduri, Mañariako Andra Mari, Zornotzako Udabarri, Garaiko dantza taldea eta Zaldibarko dantza taldea. Gainera, Durangaldeko txistulariak, besteak beste, Jaizale eta Udazken txistularien taldeak ere bertan izango dira.

https://www.deia.eus/bizkaia/2024/05/22/durangaldeko-ezpatadantzari-egun...

Deia
22 Mayo 2024