Folklorea sustatzeko Plazarik Plaza programa izango dute asteburu honetan Bilbon

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Plazarik Plaza programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Folklore tradizionala sustatzea da ekimen horren helburua. Programa Basurtun egingo da, Donostia plazan eta inguruetan, ostiraletik igandera bitartean.

Aurten, Tarregako Guixanet Kultur Elkarteak parte hartuko du egitarauan, larunbatean. Elkarteak bere hiriko folklore aberatsaren erakustaldia eskainiko die ikus-entzuleei, musika eta dantza tradizional, buruhandi, suzko deabru eta txerria irudikatzen duen Tossino ezagunarekin. Irudi horren inguruan abestu eta dantza egiten dute, kaleetatik eta aisia lekuetatik.

Jaialdia ostiralean hasiko bada ere, jarduera gehienak larunbatean izango dira. Horrela, jardunaldia eguerdiko hamabietan hasiko da, aurreskuarekin eta «Aliga» Tarregako errespetuzko dantzarekin. Dantza hori, hiriaren armarrian agertzen den arranoaren irudiak egiten du.

http://gara.naiz.info/paperezkoa/20131002/425548/eu/Folklorea-sustatzeko...

Gara
2 Octubre 2013