Larrain dantza

Artean poxpolin jantziaren entusiasta bat nintzela, lehengusinak —erabat moderno eta miresgarriak— euskal dantzak rollo bat zirela esan zidan: «Urrats jakinetara behartzen zaituzte, araututako mugimenduetara. Beno, euskal dantzen kasuan antimugimendura», zehaztu zuen irribarre maltzurrez. «Norberaren gorputza, adierazkortasuna eta askatasuna murrizten dituzte», izan zen azken epaia. Liluratuta, laster utzi nuen dantza taldea, eta ispilu parean aldaka eta adats mugimenduetan trebatzen hasi nintzen, gero kontzertu askatzaileetan praktikatzeko, begiak itxita eta jendetzan bakartuta: trantze autista batean. Aitortu behar dut, ordea, inoiz ez dudala lortu lehengusina bezain moderno izatea, eta nire bihotzaren zati batek euskal dantzak maitatzen segitu duela.

Horregatik, hunkitu egin nintzen igandean, jakin nuenean Iruñeko herri harresian larrain dantza izan zela, bat-batean, han bildutakoen sentimendu eta gogoen adierazpide. Lehengusinari telefonoz deitu nion larrain dantzarena kontatzeko, eta esateko zeinen garrantzitsua den norberaz ahazten jakitea, trantze autista etetea, eta besteekin urrats partekatuz eta mugimendu bateratuz aritzea. Ez zidan hartu: nazioartean sona handia duen ballet konpainia baten ikuskizunean ei zegoen. Ez zekien herri harresia zer den.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-16/004/003/larrain_dantza.htm

Berria
16 Octubre 2013