Abian da DantzaBiz, Bizkaiko Dantza Etxea

kartelaBizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez sortu da Bilbon DantzaBiz, Bizkaiko Dantza Etxea. Dantzaren alorreko eragile eta ekimen desberdinen koordinazio eta lankidetzan aritzeko sortu da, eta dantzaren alorrean informazioa, orientazioa, formazioa, sentsibilizazio, difusioa, dokumentazioa, babesa eta irisgarritasuna eskaintzea du helburu. Zenbait ikastaro antolatu ditu datozen asteetarako.
 
Bilbon, Luis Briñas kalean du egoitza DantzaBiz-ek, hain zuzen ere Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren egoitzaren ondo-ondoan. Badira hilabete batzuk antolaketa lanetan dihardutela bertan, eta azken asteotan hasi dira dagoeneko zenbait jarduera, ikastaro eta ekimenen berri ematen, ziur aski datozen aste edo hilabeteetan aurkezpen ofiziala eta jarduera programa zabalagoa ezagutarazten joango badira ere.

Dagoeneko, DantzaBiz-ek facebook-en ireki duen orrialdean iragarri dituen zenbait jardueraren berri izan daiteke. La Veronal konpainiako kideek sorkuntza prozesu eta adierazpen koreografikoen inguruan ikastaroak eskainiko dituzte azaroan. Dantza tradizionaleko eta klasikoko zenbait ikastaro ere aurreikusita daude. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak soka-dantzaren inguruko ikastaroa eskainiko du. Kepa Artetxek eta Mikel Goitiak Berrizen, Alejandro Aldekoarekin ikasitako soka-dantza landuko dute bi egunez, azaroaren 9an eta 16an. Bestalde, Aiko taldeko Patxi Labordak eta Sabin Bikandik dantza mugimenduaren pedagogiaren inguruko ikastaroa eskainiko dute, azaroaren 29an eta 30ean.

Dantza Etxeak, jatorria eta ibilbidea

Ibilbide luze baten ondoren ari da loratzen Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren Dantza Etxea. Dantzaren sustapenerako egitura hauen abiapuntua argitzeko hogei urte inguru egin beharko genituzke atzera, 1995. urtera hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzan, Kultura Sustatzeko zuzendari Amaia Rodriguez Hernandorena zela, kultura planak egiteko sektoreekin hitz egin beharraz ohartuta, alor bakoitzeko aditu eta arituei diagnostikoak eta proposamenak eskatu zitzaizkien. Dantzaren alorrean hainbat lagunek egin zituzten ekarpenak, eta horietako batek, Juan Antonio Urbeltz-ek Hungarian ezagututako dantza sustapeneko eredu baten berri eman zuen: Dantza Etxeak.

Ia hamar urte beranduago, 2004an, Kulturaren Euskal Planak (KEP) lurralde bakoitzean Dantza Etxe bat sortzeko aukera aztertzeko borondatea erakusten zuen. Lau urte pasa, eta legealdi baten ondoren, 2008an, KEParen bertsio eguneratuak Gasteizen, Bilbon eta Donostian Dantza Etxe bana ezartzea aurreikusten zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egin zuen ekimena, eta 2009an Donostian, Artelekun, martxan jarri zen Gipuzkoako Dantzagunea, lehen dantza etxea. Lau urte pasata iritsi da bigarren dantza etxea, oraingoa Bilbon.

DantzaBiz, batzordetik Dantza Etxera

2011 urte hasieran dantzaren inguruko aholku batzordea sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Dantzaren alorra gain-begiratu eta arazo eta erronkei erantzuteko estrategiak planteatzeko sortu zuen DantzaBiz izenaz bataiatutako batzorde  hau. Bizkaiko Foru Aldundiko kultura arduradunekin batera Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, La Fundicion, Asociacion Bilbao Ballet Elkartea, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea eta dantzaren alorreko zenbait norbanakok parte hartzen dut DantzaBiz batzordean. Bizkaiko Diputazioko Kultura sailari lotutako batzordea da, aholkuak emateko zeregina duena eta Bizkaiko Dantza Etxea definitu eta martxan jartzeko prozesuaren jarraipena egin duena. 

http://www.dantzan.com/albisteak/dantzabiz-bizkaiko-dantza-etxea

Dantzan
31 Octubre 2013