Olaeta Balletei eskainitako gune bat zabaldu du Euskal Herria Museoak

argEuskal Herria Museoaren erakusketa iraunkorrak atal berri bat estreinatu du, hain zuzen, Olaeta Balletei eskainitakoa. Material grafikoaren, ikus-entzunezkoaren, jantzien, dokumentazioen, musikaren… bidez, Olaeta Balleten bilakaera ezagutzeko aukera ematen du, beraz, Gernika-Lumoko Museoak. Azaldu duenez, “70 urtetik gorako bide luzean, euskal dantzak, ballet klasikoa eta Euskal Herri osoko kultur ohituren irakaskuntza ardatz izan ditu Olaeta Balletak”.

2010ean Olaeta Ballets: Amets baten koreografia izeneko erakusketa hartu zuen Euskal Herria Museoak, eta beste herri batzuetan ere egon zen ikusgai. Halaber, Olaeta Balleten ibilbidea ezagutzera emateko, hitzaldiak eta kontzertuak antolatu zituzten bere garaian, eta baita liburu bat argitaratu eta film bat grabatu ere. Hala ere, museoko arduradunek diotenez, Gernika-Lumoko Olaeta Torrezuri familiak “beti adierazi izan du bere lanaren funtsak Gernikan gorde eta erakutsi nahi zituela”.

Martitzenetik zapatura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisita daiteke Euskal Herria Museoa, eta domeketan 10:30etik 14:30era. Jaiegunetan, bestetik, 10:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:30era bisitatu ahalko da. Astelehenetan, jaieguna izan ezean, itxita dago museoa. Zapatuetan sarrera doakoa dela ekarri du gogora museoak.

http://busturialdea.hitza.info/2014/01/14/euskal-herria-museoak-olaeta-b...

hitza.info
14 Enero 2014