Martxan da DantzaBiz, jantzea Bizkaian indartzeko ekimen barria

Miren Josune Ariztondo Kultura diputadua, DantzaBiz egitasmoko kideekaz batera, Bilboko Foru Liburutegian

DantzaBiz Bizkaiko Dantza Etxea jantzearen arloko eragileen hartu-emonak eta lankidetzea koordinau eta sustatzeko asmoz sortu da. Modalidade guztietako jantzea bultzatuko dabe, euskal jantza tradizionala, klasikoa eta garaikidea. Daborduko hiru bat hilebete daroaz martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen barriak. Egoitzea Bilbon bertan dauka, Luis Briñas kaleko 31. zenbakian, eta astelehenetik barikura egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara.

Kultura diputadu Miren Josune Ariztondok aurkeztu dau DantzaBiz, Bilboko Foru Liburutegian, eta beragaz batera, egitasmoan parte hartu daben hainbat eragile izan dira. Bizkaian jantzearen inguruan egiten diran ekintza garrantzitsuenak agirian itxi gura ditu ekimen barriak, eta modu berean, jantza-jarduerak sustatu, berbarako, tailerrak, berbaldiak, mintegiak eta abar.

Jantzearen inguruko beste arlo batzuetako profesionalek be lekua izango dabe Bizkaiko Dantzearen Etxean, izan be sektoreagaz lotutako beste diziplina edo proiektu kulturalak be topauko doguz bertan, koreografiak, atrezzoa, interpreteak edo jantza ikasleak. DantzaBizek jantzearen munduari lagundu gura deutso, eta euren lana osotu, ez gara inor ordezkatzera etorri, nabarmendu dau Ariztondok.

DantzaBizen eginkizunetako bat sensibilizazino jarduerak eta dibulgazino ekintzak atontzea da. Horren erakusgarri dira Eskolak dantzari eta Dantza Eskolara programak. Artaziak eta Jauzika taldeak arduratu ziran aurreko ikasturtean jantzea eskoletara eroaten. Kulturako foru diputatuak egindako adierazpenetan azaldu dauenez, Bizkaiko Dantza Etxeak jantzearen ikaskuntzea bultzatu nahi dau Bizkaian, jantza-trebakuntzako jarduerekaz gaur egun garatzen dan prestakuntza-eskaintzea osatuz.

Jantzearen munduari lotutako profesionalen topalekua be bada Bizkaiko Dantza Etxea, sortzaile barriei laguntzinoa emonez eta agiriko eginez, eta holan, euren jarduna garatu ahalko dabe, eta lanerako baldintza hobeak izango ditue.

Egoitza fisikoa izateaz gan, Dantzabiz sare sozialetan be badago, Facebooken, Twitterren eta Youtuben.

Nagore Ferreira Zamalloa

http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&id=12279&sec=27&fecha=2014-0...

bizkaie.biz
17 Enero 2014