DantzaBiz, Bizkaiko Dantza Etxea martxan

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako foru diputatu Miren Josune Ariztondok, Bizkaiko Dantza Etxea aurkeztu du gaur goizean burutu den prentsaurrekoan. Ekimena Bizkaian dantza indartzera dator.

Diputatuak adierazi duen moduan, “proposamen berri honek dantza-sektoreko eragile desberdinen arteko harremana eta lankidetza koordinatu eta sustatu nahi ditu, eta hortaz, dantzaren alorrean informazioa, orientazioa, formazioa, sentsibilizazio, difusio, dokumentazio, babes eta irisgarritasuna eskaintzea izango du helburu”.

Baina ez da gaurtik bertatik abiatzen den proiektua. Badira hilabete batzuk dantzari esparru berria emateko asmoz lanean daudela. Hala, La Veronal konpainiako kideek sorkuntza prozesu eta adierazpen koreografikoen inguruan ikastaroak eskaini dituzte azaroan. Era berean Itziar Mendizabal klasikoaren inguruan jardun zuen. Eta formazio honetan ere, Kepa Artetxek eta Mikel Goitiak dantza tradizionala landu zuten azaroaren 9an.

Orain abiatzekoak diren prestakuntza-ibilbideak Eskolak Dantzara eta Eskolara Dantza programak dira. Biak ala biak, sentsibilizazio eta publiko berriak lortzeko asmoa dute, baita dantzarekin adin ezberdineko ikasleriarengan zubi bat eraikitzeko ere.

Izan ere, lankidetza-sareak, informazioa eta orientazioa, prestakuntza eta ikerketa, sentsibilazioa, laguntza eta komunikazioa badira bere esparruak. Hemendik sortuko dira ikastaro trinkoak, mintegi teorikoak, eskola magistralak, hitzaldiak, dibulgazio tailerrak eta bestelako ekitaldiak.
Beraz, Dantza Etxea topaketa fisikorako foroa ere izango da dantza-arloko profesionalentzat, proposamenak eta jarduerak abiatu ahal izateko.

DantzaBiz proiektuak Bilboko Luis Briñas kalean du egoitza.

http://www.nontzeberri.com/Albiste7.aspx?a=6193

nontzeberri.com
17 Enero 2014