Bizkaiko Dantza Etxea jarri du abian aldundiak, dantza arloa «indartzeko»

Taldeen arteko lankidetza sustatu eta haien topagune izango da Dantzabiz izenarekin ezagutarazitako egoitza Ainhoa Larrabe Bilbo

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Gorputz mugimenduaren artea da dantza, musikatua edo musikatu gabea. Klasikoa, tradizionala edo garaikidea, era eta toki askotariko dantzak daude gaur egun. Horien guztien topagune izateko sortu dute Dantzabiz, Bizkaiko Dantza Etxea. Egitasmoa duela bi hilabete jarri zuten martxan, baina atzo egin zuten aurkezpena. Josune Ariztondo Bizkaiko foru diputatua izan zen bertan. Dantzabizek helburu nagusi bat duela adierazi zuen: Bizkaian dantza indartzea.

Dantza arloko ekintzak «agerian» utzi nahi ditu horrekin Bizkaiko Foru Aldundiak: «Lurraldean dantza arloan dauden eragileen arteko harremanak indartzea eta koordinazioa sustatzea da asmoa». Horretarako, topagune fisiko bat jarri dute: Bilboko Luis Briñas kaleko 31. zenbakia. «Dantzaren munduari lotutako profesionalen esku jarri dugu topalekua, sortzaile berriei laguntza emateko eta haien jarduerarako baldintzak hobetzeko», adierazi zuen Ariztondok. Bizkaian sektoreko egitura profesionala «dinamizatu» nahi dute, eta, horretarako, harremanetan jarriko dira eremu, eskola eta dauden baliabideekin.

Baina ez da dantza eskola bat izango, behin eta berriz esan zuen hori ahaldunak: «Ez dugu inor ordezkatu nahi. Dantza arloan ikasi, lagundu, koordinatu eta hausnarketak elkarrekin partekatzeko sortu da Dantzabiz». Ez da dantza arloan bakarrik arituko; sektorearekin lotutako beste diziplina eta proiektuak ere lotu nahi dituzte, hala nola: koreografia, attrezzoa edota langile teknikoak.

Jendea dantzaren inguruan sentsibilizatzea eta zaletzea, dantzaren arloan profesionalak laguntzea, diru iturriei buruzko argibideak ematea eta sektoreari buruzko informazioa zabaltzea dira, besteak beste, Dantzabiz Bizkaiko Dantza Etxerako zehaztu dituzten lan esparruak. Horretarako, hainbat jarduera egiteko asmoa dutela iragarri zuen atzo Ariztondok. Antolatuko dituzten jardueren artean, honako hauek daude: ikastaro trinkoak, mintegi teorikoak, adituen hitzaldiak, erakusketak eta jardunaldi irekiak.

Eskola eta dantza

Dantzaren inguruko sentsibilizaziorako eta jende gehiagorengana heltzeko dituzten egitasmo bi aurkeztu zituen Ariztondok: Eskolak dantzara eta Eskolara dantza. Lehenak, haur eta gazteak dantza ekitaldietara joan daitezen egingo dute. Interesa pizteko saioak egiten dituzte hainbat ikastetxetan dantza emanaldietara joan aurretik. Artaziak kolektiboa ari da lan horretan. Ekoizpen artistiko kulturalak hezkuntzarako nahiz garapen pertsonal zein kolektiborako tresna modura erabiltzen ditu kolektiboak.

Eskolara dantza egitasmoarekin, berriz, dantza eskolara eramaten dute, eta Jauzika kultur elkartea aritu da lan horretan. Zaletasuna eta praktika sustatzea izan dute helburu: «Haurrak dantza elkarte baten lana zein den jakitea eta dantzaz bizi daitekeela ikustea da egitasmoaren asmoa», Ariztondok adierazi duenez.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2014-01-18/032/001/bizkaiko_dantza_et...

Berria
18 Enero 2014