Bizkaiko aratusteen berpiztea

Bizkaiko inauterietako elementuak ikertu dituzte Labayru Ikastegian, eta liburu bat osatu dute

Iñaki Larrañaga Bilbo

Mundakako Atorrak kalez kale joan ohi dira inauterietako igandeetan. / LABAYRU IKASTEGIA

Trapagarango Carrascoliendas inauteriak. / LABAYRU IKASTEGIA

 

Inauteriak, karnabalak ala aratusteak, hiru izen ospakizun berbera izendatzeko. Izan ere, Bizkaiko inauteriek berezko ezaugarriak dituzte, eta hori izan da Labayru Ikastegiak Aratusteak Bizkaian liburuan islatu nahi izan duena. Mundakako Atorrak eta Laminak, Lekeitioko Estudiantina, Ermuko Hartza edota Durangoko Surrandiak. Denak dira garizuma aurreko jai sonatuaren protagonistak. Izan ere, gutxi geratzen da inauteriak iritsi eta egun batzuez lotsak atzean uzteko. Azken urteetan jaia ospatzeko erak aldatu egin direla azaldu zuten atzoko aurkezpenean. Haien lana herriz herri testigantzak bildu eta tokian tokiko errealitateak erakustea izan dela ere esan zuten: «Lan txukuna da; bikaina», nabarmendu zuen Adolfo Arejitak Labayruko zuzendariak. Atzo goizean aurkeztu zuen liburua Bilboko BBK Aretoan, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko euskara sustatzeko zuzendariarekin batera.

Bizkai parteko inauteririk ezagunenak, beharbada, Mundakakoak izan daitezke. 1936ko gerra ostean ere ez zuten ia etenik ezagutu. Egun horretan, marroak eta atorrak bihurtu herritarrak eta herriko portua bihurtzen dute beren agertoki. Bigarren izendapen horrek herritarren janzkera dakar gogora, atorra zuria jantzita irteten baitira kalera. Iraganean izara zaharrekin janzten baziren ere, gaur egungo garaietara egokitu eta kalitate handiko izarekin atontzen dira.

Hain festa bitxiaren atzean arrazoi are bitxiago bat dago. Antza denez, herriko jauntxo bat edanda joan zen etxera, eta emaztearen azpiko gona jantzi zuen. Emazteak, haserretuta, etxetik kanporatu zuen, azpiko gona eta guzti. Apropos eginda zelakoan, herritarrek txantxatzat hartu, eta erromeria egin zuten bere omenez. Geroztik, inauterietako igandeetan kalerik kale eta etxerik etxe joaten dira Bizkaiko kostaldeko herri txiki horretan.

Urte asko igaro diren arren, kalejira leku berean hasten da urtero. 1936ko gerrako eta ondorengo garaietan ospakizun hori bultzatu zuen Jose Maria Egileorren etxe aurrean geratu eta momentu hartan hasten dira kantuan: «Aratuste zara, Aratuste, mundakarrentzat egun hobarik ez, marrau atorra zurijakaz buruan pañuelo sedazko ederrakaz». Atorrak gizonezkoak baino ez dira, baina ohitura horri andrazkoen beste ohitura bat gehitu zitzaion duela hogeita hamar urte. Ordutik, Mundaka eta Bermeo bitartean dagoen Lamiaran hondartzan omen zeuden laminen antzera janzten dira laminak.

«Urtez urte errepikatzen den jaia da, baina ez jaiegun bakarra, ziklo osoa baino», dio liburu sarrerak. Izan ere, inauteriek San Blas, Kandelario edota Eguen Zuri egunekin zerikusi handia dutela azaldu zuten aurkezleek. Iraganera begira, Erromatarren Saturnalia jaietan bilatu behar da horien jatorria, abenduaren 17tik 23ra bitartean ospatzen zituzten jaietan. Gertuagora begira, kristau liturgia katolikoaren barruan kokatzen da erabat, Erramu Eguna baino 40 egun lehenago ospatzen baita urtero, haragirik ez jateko epea hasi baino lehenago.

Kristautasunarekin zerikusia baino gehiago, gaur egun gizarteko edozein alderdi kritikatzeko erabili ohi dira inauteri garaiko mozorroak. Egun horietan ia edozerk balio dezake. Liburuan «arau bako egunak» deitzen diete horrelako egunei.

Berpiztutako hainbat kasu

Leku batzuetan urte askotan sakondutako ohitura bada, beste batzuetan herritarrek berpiztu behar izan dituzte tokian tokiko inauteriak. Traparango kasua da halako adibideetako bat. Enkarterrietako eskualdean aspalditik desagertuta zegoen jai bat zen Carrascoliendas. Herriko nagusienek gogoratzen zituzten jai horren omenez abesten ziren koplak, baina transmisioa eten egin zen. 2011. urteaz geroztik, Denetarako Danok dantza taldeko eta Basetxe gaztetxeko kideek ohitura zaharra berpiztu, eta aldaketa batzuk egin dizkiote. Etxean hartutako edozein arropa deigarri jantzi, eta kalera irteten dira bertako bizilagunak. Traktore baten gainera igotzen dira musikariak, eta auzoz auzo joan ohi dira Carrascoliendas izeneko koplak abesten.

Durangon ere Surrandien ohitura berreskuratu dute 2000az geroztik. Historiako liburuen aipamenak izan dira kasu honetan, iturriak. Dirudienez, XVII. mendeko agirietan jasota dago gizon batzuek maskarak jarri eta umeak eta emakumeak beldurtzera joaten zirela merkatura. Gaur egun hartzaren elementua gehitu diote, eta, katez lotuta egon arren, ihes egiten saiatzen da aukera duen aldiro. Helburua argia da: ahalik eta ume gehien beldurtzea eta gainerakoak zirikatzea.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2014-02-15/036/002/bizkaiko_aratustee...

Berria
15 Febrero 2014