Jatorrizko kalera itzuliko dira

Hamar urteko debeku eta ika-miken ondoren, Bilboko Konpartsek aurten berriz ere inauterietako desfile nagusia antolatuko dute. Udalak, ordea, aldarrikapen politikorik ez egiteko eskatu die.

Lander Muñagorri Garmendia Bilbo

Bilboko Konpartsen iazko desfilea, udaletxe parean. Azkunaren irudi bat jarri zuten. / LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Hamar urte dira Bilboko Konpartsek azkenekoz Kale Nagusitik inauterietako desfilea egiteko baimena lortu zutela. Baimena eduki bazeukaten, baina Bilboko kaleak euren mozorro eta ironiekin betetzeko denbora gutxi falta zela, desfilea bertan behera geratu zen. Arrazoia politikoa izan zen, eta horrek ilundu zuen 2004ko inauterietako festa. Txori Barrote konpartsak euskal presoen aldeko kartelak zeramatzan karroza bat zeukatelako desfilea ez egitea erabaki zuten Jon Sanchez Kultura zinegotziak eta PPko hainbat zinegotzik. Terrorismoa goratzea egotzi zioten, eta festa debekatu. Tentsio uneak bizi izan ziren, eta, gertakari haien ondotik, konpartsek debekatuta eduki dute euren desfilea Kale Nagusian barrena egitea. Baina aurten jatorrizko kalera itzuliko dira.

Konpartsak eta udaleko talde guztiak batzen dituen Batzorde Mistoak debekuen garaia atzean utzi nahi izan dute, «herritarrek eskatzen zuten eskaera bati erantzuteko», Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen bozeramailearen esanetan. Kale Nagusiko desfilea egitea euren esku utzi dute, iraganean bezalaxe. Baina Iñaki Azkuna alkateak mezu argia helarazi die: «Konfiantza apur bat emango diegu, ironiarekin desfilea egin dezaten, baina politika gutxirekin. Mota bateko politikarekin, batez ere». Hala balitz, berriz ere debekuen garaira itzultzeko mehatxua egin du. Baina konpartsei ez zaie baldintzarik jarri, Villafañezen arabera. «Alkateak egin dituen adierazpenak bereak dira. Guk azken urteetan egin ditugun desfileekin erakutsi dugu ez dagoela arazorik». Eta inauterien izaerari buruz hitz egin du: «Gizarteak dituen arazoei ironiarekin barre egiteko modu bat da inauteriena. Ezin badugu ironia egin, zer geratzen zaigu?».

Itziar Urtasun jaietako zinegotziak ere antzeko iritzia du: «Polemika amaituta dago. Desfile bakarra egitea lortu dugu, eta uste dut hori pauso handia dela». Baina berak ere politikaren gaia alde batera uzteko eskatu die. «Kritika eta satirak egon behar dute, baina errespetuz. Politika egiteko egun batzuk daude». Desfilea bakarra izango da, bai. Baina ikuspegiak ezberdinak dira, oraindik, alde bietan. Villafañezen arabera, jai ereduaren inguruko iritzi ezberdinek oraindik ere bi aldeak banatzen ditu. Eta tirabira hori orain arteko desfileetan ikusi ahal izan da.

Urte luzez, ondoko kaleetatik

Bilboko Konpartsek 1979. urtean berreskuratu zuten ordurako hirian galduta zegoen ohitura. Inauteriak ospatzen hasi ziren, eta Kale Nagusian barrena desfileak eginez. «Gu hasi ginen, eta handik bota gintuzten», dio Villafañezek. 2004ko gertakaria iritsi zen, eta ordurako konpartsen eta udalen arteko giro mikatza areagotu egin zen. «Ahuldu egin nahi izan gintuzten, baina argi geratu da herritarrek gure eredua babesten dutela». Debekuaren ostean, desfilea egiten jarraitu zuten konpartsek, baina kale ezberdinetatik joanda. Urte luzez, esaterako, Hurtado Ametzaga kaletik egin zuten, udalak Kale Nagusitik beste bat egiten zuen bitartean. «Eurenarekin alderatuta, gureak herritarrak ziren, koloretsuagoak», dio Villafañezek.

Baina joan den urtean, murrizketak zirela tarteko, Bilboko Udalak ez zuen desfilerik egin Kale Nagusian. Ezta beste inori baimenik eman ere han ezer egiteko. Eta aurten ere udalak ez zeukan horretarako dirurik, eta akordioa lortu dute konpartsekin. «Penagarria da, baina eman duten arrazoia hori izan da, dirurik ez zeukatela eurena antolatzeko».

Baina akordioa lortzeko duela hamar urteko testuingurua aldatu egin dela dio Urtasunek. «Gero eta ekintza gehiago batera egiten baditugu, hobe izango da, gainera», erantsi du. Eta bide horretan, Aste Nagusiko txupinazoaren inguruan udalak eta konpartsek lortu zuten akordioak lagundu egin zuela uste du. Hartan Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak debekatu egin zion Jone Artola Txori Barroteko konpartsakide eta jaietako txupinerari jaiei hasiera emango zien suziria piztea. Azken momentuan lortutako akordio bati esker, Urtasunek berak bota zuen txupina Artola balkoian bertan zegoela. «Aste Nagusi gogorra izan zen, baina orduko akordioak agian lagundu egingo zigun alde biei gerturatzen».

Ez du hala uste Villafañezek, «jaietatik kanpo zetorren eraso bat izan baitzen». Inauterietako desfilearen debekua, ordea, Bilboko Udalak berak eman zuen. Hala, inauteriak eta jaiak ulertzeko eredu ezberdinekin dituzte tirabirak bi aldeek. Eta, orain, Talde Mistoan lortutako adostasunarekin konpartsak «gustura» dauden arren, ez da eurek nahiko luketen akordioa ere. «Guk jai eredu mistoa nahi dugu». Hau da, herritarrek erakundeekin batera antolatutako jaiak. Eta bakoitzak berea dauka. Hurrengo urterako badaukate etxeko lana alde biek.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2014-02-23/037/001/jatorrizko_kalera_...

berria
23 Febrero 2014