Itxurak hausteko egunak

Atzo, eguen zuri egunez hasi ziren inauteriak Bizkaian. Aratuste martitzenera bitartean, jai giroa nagusi izango da lurralde historikoko herri eta auzoetan. Oro har, tradizioari eutsita ospatuko dira, baina bada aldaketarik: Bilbon, konpartsen desfilea Kale Nagusira itzuliko da.



Balmaseda

Mozorroak eta tostadak

Gaur iluntzean egingo dute Balmasedan inauterietako mozorroen lehiaketa nagusia, 19:00etan hasita. Martitzenean, egun osoan musika eta mozorroak izango dituzte; 13:00ean, tostada lehiaketa ospetsua jokatuko dute; eta arratsaldean, dantzaldiarekin bukatuko dituzte aratusteak.



Bilbo

Desfilea, indabak, maskarada

Atzotik dabiltza bilbotarrak aratusteak ospatzen. Bihar izango da egun handia. Hamar urteko debekuaren ostean, konpartsen desfilea berriz ere Kale Nagusian egingo da: 18:00etan abiatuko dira Zazpikaleetara bidean.

Etzi, indaba lehiaketa egingo dute Plaza Barrian. Parte hartzaileak 09:00etan hasiko dira sukaldari beharretan. Sariak 14:00etan banatuko dituzte. Arratsaldean, Zuberoako maskarada antzeztuko dute leku berean.

Martitzenean, sardinaren erretzea antzeztuko dute (19:30), Plaza Barritik Arriaga plazara.



Durango

Surrandi eta hartza, kalez kale

Atzo goizean ibili ziren Durangoko umeak eguen zuri eguneko koplak abesten. Bihar, berriz, Surrandi eta hartzaren konpartsak kalejira egingo du. 18:45ean abiatuko da Merkatu plazatik. 20:00etan bukatuko dute, Andra Mari elizpean. Martitzena txikien egun berezia izango dute: goizetik iluntzera, umeen parkea egongo da Landakon; eta 16:30ean, dantzaldia izango dute.



Ermua

Hartzaren Eguna, gaur

Atzo hasi ziren aratusteak Ermuan, eguen zuri eguneko ekitaldiekin. Umeak oilar harrapatzen ibili ziren, besteak beste. Gaur, berriz, Hartzaren Eguna da. 18:00etan hasita, hartza kalerik kale ibiliko da. Albokariek eta musika eskolako trikitilariek lagunduko dute, eta Ermuko kantak abestuko dituzte. Bihar, berriz, 18:00etan haurrentzako dantzaldia egongo da, eta 19:30ean mozorro lehiaketa egingo dute.



Gernika-Lumo

Morroen dantzak

Atzo hasi ziren Gernika-Lumon aratusteak, eguen zuri eguneko gozoki bideagaz. Gaurkoa izango da gau nagusia: dantza erakustaldiak, kopla kalejirak eta Happy Hour delako mozorro lehiaketa.

Zapatu arratsaldean, Elai Alai dantza taldeak euskal aratusteak ekarriko ditu Gernika-Lumora. 19:00etan hasiko da kalejira, Pasealekuan. Horren ostean, tostadak banatuko dira.

Gernikak baditu bere pertsonaiak: morroak. Domeka eguerdian dantzatuko dute morroen aurreskua, Foru plazan. Aurretik, irrintzi lehiaketa egingo dute, eta, ondoren, masta puntakoa eta oilar jokoa jokatuko dira. Bazkalorduan, Urdaibai Kantagunekoak kalez kale ibiliko dira kantuan.



Getxo

Auzo bakoitzak berea

Getxon, auzoka ospatzen dituzte aratusteak: batzuek asteburu honetan eta besteek hurrengoan. Itzubaltzetako bizilagunek biharko eguna aukeratu dute. Santa Eugenia plazan egingo dituzte ekintzak: goizean, haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira. 18:30ean egingo dute mozorro lehiaketa; 22:00etan, erromeria.

Algortan, euskal inauterien kalejiraz gozatzeko aukera egongo da bihar, 12:00etan. Gainontzeko ospakizunak hurrengo asteburuan izango dira, Areetan bezala.

Andra Mari auzoan, etzi ospatuko dute aratustea. Goizean, Malakate parkean izango dute mozorro festa. Jaia dantzaldiarekin bukatuko da, 15:00etan.



Lezama

Mozorroak eta afaria

Bihar ospatuko dituzte aratusteak lezamarrek: 19:00etan egingo dute mozorro txapelketa; 20:30ean, areto dantzen emanaldia izango da; 21:30ean, mozorrotuta dauden lezamar guztiak aratusteetako herri afarian elkartuko dira, eta 22:30ean banatuko dituzte sariak. Horren ostean, diskoteka izango dute, dantzatzeko.



Markina-Xemein

Zaldiak, antzarak eta hartza

Aratuste domeka izaten da egun handia Markina-Xemeinen. Eguneko egitaraua 09:30ean hasiko da, txistularien kalejirarekin; 10:30ean, musika bandak girotuko du herria, eta 12:00etan, antzara jokoa hasiko da. Kostaldeko herriekin alderatuz, badu berezitasunik: lehiakideak mozorrotuta joaten dira, eta txalupan barik zaldi gainean gerturatzen dira hegaztia eskegita dagoen lekura. Gero, hartzak eta Zerutxu dantza taldeko kideek zaragi dantza dantzatuko dute; 13:30ean, mozorro desfilea abiatuko da; 14:30ean, herri bazkaria izango dute; 18:30ean, Hau Dok Hau txarangarekin, bigarren desfilea egingo dute; eta 19:00etan, sariak banatu, eta tostada jana izango dute.



Mundaka

Atorrak eta laminak

Bizkaiko aratusterik ezagunenak dira Mundakakoak. Musikaz betetako eguna izango da domeka. Atorra soinean daramatela, 12:30ean abiatuko dira gizonezkoak, Jose Maria Egileorren etxepetik; gitarra, mandolina, soinua, tinplea, panderoa eta beste hainbat musika tresnarekin, kantuan jarriko dituzte mundakarrak. 14:00etan iritsiko dira portura, eta atorren doinu zaharrak abestuko dituzte. Arratsaldean, andreen txanda iritsiko da, laminena. 18:00etan agertuko dira plazan, beltzez jantzita, aurpegia zurbil eta musuak gorri dituztela.



Mungia

Mozorroak eta basatostea

Gaur hasiko dira aratusteak Mungian. Goizean, eskoletako ikasleak kalerik kale ibiliko dira. 20:00etan, Amilotx dantza taldekoek euskal inauterietako dantzen kalejira egingo dute; gero, Foruen Plazan egingo dute erakustaldia. Bihar gauean, taldeen mozorro txapelketa izango da.

Domekan, Basatostea egingo dute: txistulariek lagunduta, zazpi kilometroko mendi ibilaldia osatuko dute, 09:30ean Matxin plazatik abiatuta. Umeentzat laburragoa prestatu dute. Bukaeran, hamaiketakoa egingo da: txitxiburduntzia bera. Dantzariek eta txistulariek girotuko dute.



Ondarroa

Lantzoiaren eta Akuliren jaia

Bihar iritsiko da Lantzoia Ondarroara, eta egun osoko jaia antolatu diote: 11:00etatik 15:00etara, Zubi Zahar alboan txerriki txosna eta sagardo upela egongo dira; 12:30ean, inauterietako dantza saioa izango da kalerik kale; 13:00ean, Lantzoiari kantari ibiliko dira; 20:00etan, berriz, ongietorria egingo diote.

Martitzen goizean, umeek mozorro desfilea egingo dute; 17:30ean, playback txapelketa izango da; 18:30ean, inauterietako dantza saioa egingo du Kresalak; azkenik, 19:30ean bukatuko dira Ondarroako aratusteak, Akuliren hiletarekin.

http://bizkaia.hitza.info/2014/02/28/itxurak-hausteko-egunak/






















hitzak
28 Febrero 2014