Manexak

beti gara manexak, beti izan gara eta beti izango gara, nahiz eta ü ederki ahoska-tzen saiatu, nahiz eta braletik jaustea xiberotarrek bezala egin. Zuberoako mundua bitan banatzen da: xiberotarrak eta manexak, hots, kanpotarrak; hots, geu. Hainbat urtez, bedatsearen lehen zantzuekin batera, Zuberoan izaten genuen bertako lagunen maskaradak ikusteko hitzordua. Ederrak ziren garai haiek; jende paketa ez zen maskaradetan metatzen, eta bertako giroan murgilduta, liluratu egiten gintuzten hango erritoak, dastatzen genituen osoki. Xiberotarren artean manexak ginen arren, bertako ohidürak eta üsantxak maite genituen, bertako üskara eta bere kültüra aberastarzün handia. Hura ez dugu ahaztu, kontrakoa baizik. Izan ere, joan de asteburuan pindar hura berpiztu zitzaigun askori, Santutxun eman baitzen Zuberoako maskarada bat; biziki ederki emanik, bestaldetik.

Guztiok dakigu maskaraden egiteko dantzari onak behar direla lehenik, eta hortxe Gaztedi dantzari talde profesionalaren eskarmentua nabarmendu zen. Gaztedi dantza taldekoek, 1994an jokatu zuten lehenengoz maskarada Bilboko kaleetan, eta orain etorri da errepikapena. Joan den larunbatekoan, Gorriak eta Beltzak, Marexal, Khestuak eta Xorrotxak, Buhame eta Kauterak eta Pitxu ez ziren manexak (ala bai?). Guztiek bizkaieraz eta uler-tzeko moduan egin zuten, gailegoz ere bai Khestuek; Xiberoan, aho bete hotz gelditzen baikara Kautera eta Buhameen diskurtsoen aurrean, anitzetan deus guti endelegatu gabe.

Eta esan bezala, dantzariek fin baino finago borobildu zituzten barrikada haustea, gabota, bralea, eta godalet-dantza mitikoaren dantzaldiak, eta plaza bete zuten beste dantzazale guztiekin batera, ohiko aintzina-pika dan-tzatu zen gero, poztasun betean, giro apartekoan.

Santutxuko maskarada, parte-hartzaile guztiek ematen duten kantuarekin bukatu zen, txalo zaparrada sonatuarekin. Hau otsailaren 22an izan zen, eta martxoaren 2an, gaur berton, bigarren emanaldia egingo dute Bilboko Alde zaharrean. Ez galdu! Maskarada-egileek Haigü hunat eta ikusi, hire haidürü gütük esango dizute.

http://www.deia.com/2014/03/02/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begir...

Deia
2 Marzo 2014