"Gazteren batek nire lekukoa hartuko balu, konformatuko nintzateke"

Urte luzez herririk herri jaietan atabala jotzen ibili ondoren, aro berri bati hasiera ematea erabaki du Mikel Gerediaga iurretarrak. Bere asmoa gazteren bati atabala jotzen irakastea, eta horrek bere postua hartzea da.

Zer dela-eta erabaki duzu etapa honekin bukatzea?

Nik uste dut nekatu egin naizela. Ez atabala jotzea edo dantzariekin aurrera eta atzera ibiltzea ez zaidalako gustatzen. Baina nire bizitzan gauzak aldatzen doaz, eta, orduan, dudan lotura txiki horrekin bukatu nahi dut. Gainera, nire iritziz, hobe da gogo eta motibazio gehiagorekin dagoen mutikoren batek atabala jotzen ikastea, eta  horrek nire lekukoa hartzea.

Atabalaren mundutik guztiz aldentzea da zure asmoa?

Egia esan ez, ni prest nago gazteren bati irakatsi behar bazaio, laguntzeko. Edo dantza taldekoekin nonbaitera joan behar badut, joateko. Baina, beraiei ere esan nien, atabal barik geratu nahi ez badute, ni prest nagoela nahi duenari irakasteko. Oraingoz, gazteren bati grina hori pizteagaz eta ondoan edukitzeagaz konformatuko nintzateke. 

Zuri zelan piztu zitaizun atabala jotzeko grina?

Egia esan ez dakit. Musika eta, batez ere, perkusioa betidanik gustatu izan zaizkit: panderoa jotzen eta Mikel Gerediagara San Migeletan beti jo izan dut. Hala ere, plazara irten baino lehen, kalejiretan ibiltzen nintzen. Harrezkero, nire ibilbidea gehienbat dantzara mugatu da. Hasieran, kontzertuetan jotzen nuen, baina alde batera uztea erabaki nuen, ez zitzaidalako gustatzen partiturak irakurrita jotzea. Nahiago izan dut kalejiretan edo plazan jo. Horrela euskal ohituren parte sentitu izan naiz.

Nahiz eta denbora kendu, momentu onak ere emango zizkizun atabalak.

Bai, asko gainera. Dantza taldeak leku askotara eraman nau, eta herri askotako jaiak ezagutzeko aukera izan dut; Baztandarren Biltzarra, adibidez, asko gustatu zitzaidan. Baina nire bizitzako momentu batzuk ere kendu dizkit atabalak, eta horregatik apurka-apurka banatzea da nire asmoa. Hala ere, kendutako momentu horiek galdu izanak ez dit penarik ematen, oso pozik nago-eta atabala nire bizitzaren parte izan delako.

Bestalde, atabala jotzerako orduan, zer da garrantzitsuena?

Eskumuturrak lantzean dago gakoa, horiek aske eta arin egon  behar dutelako. Hori lortzeko beharrezkoa da ariketak egitea. Eta hori eskumuturrei goitik beherako mugimenduak eginda lortzen da. Praktikatuta eskuratzen da eskumuturren mugimendu egokia, eta horrekin ikasten da atabala ondo jotzen. Orain ere, atabala jo gabe denboratxo bat egoten banaiz, eskumuturrak gogortuta ditudala igartzen dut. Aipatutakoaz gainera, belarri ona izatea ere oso garrantzitsua da. 

Baina atabal-jotzailea ez da inor txistularirik gabe. 

Bai, hori horrela da. Baina, danborrarekin gauza polit asko egin daitezke. Baina horretarako ere gogoa eduki behar da. Nik ere, nahiz eta proiektu ugari izan buruan, ez dut lortu gauza desberdinik egiterik. Hori, gerora agian, atera gabeko arantza gisa ikusiko dut. Baina, behinola,  dantza taldeko trikitilari bati eta bioi bestelako zerbait egiteko gogoa sartu, eta biok taldetxo bat sortzea bururatu zitzaigun. Gazte asanbladan ere batukada talde bat egiteko ideia sortu zen. Hala ere, azkenean, gogo faltarengatik-edo, ez genuen ezer egin. 

Bukatzeko, nolako etorkizuna ikusten diozu atabalari?

Etorkizun beltza, baina atabala jotzen dugunok hemen gauden artean ez da galduko. Musika tresna asko zahar gelditzen dira gazteentzat, eta atabala da horietako bat. Modan ez dagoen instrumentua da. Baina, jendea ez da konturatzen honekin edozer jo daitekeela. Azken batean, bigarren mailako tresna da, txistuarekin danborrik gabe berdin-berdin egin daitekeelako dantzan. Orduan, jendea ez da animatzen hau ikastera. Atabala ez galtzeko gakoa betiko plazatik ateratzean dagoela uste du; nik atera ez diodan zuku hori atera beharko zaio.

anboto.org
2 Marzo 2014