Milaka jantzari eta zale batuko dira domekan Elorrion, 34. Bizkaiko Jantzari Egunean

Domekan, maiatzak 18, Elorrio jantzearen uriburu bihurtuko da, Ana Otadui alkatearen esanetan, izan be 3.500 jantzari batuko dira eta Bizkaiko Jantzari Egunean. Egun osoko egitaraua atondu dabe, goizean jantza erakustaldiak eta arrastian erromeria erraldoia. Eguraldia lagun izango dabe, ganera.

Elorrion urte osoko lanaren emoitzea ikusiko dogula adierazo dau Miren Josune Ariztondo Kultura diputaduak prentsaurrekoan. Taldeen lana azpimarratu dau, jantza zaharrak gogoratu eta berreskuratzen lan itzela egiten dabe. Eta jantzekaz batera, jantziak, jazkerak eta abar lantzen ditue.

Jantzari Eguna 11:00etan hasiko da, talde guztiek kalejirea egingo dabe, eta 11:30erako danak prest egongo dira Nizeto Urkizu kaleko aparkalekuan, Udaletxe atzean, ekitaldi nagusia hasteko. Hasieran txikitxuenek programa labur bat eskainiko dabe, azaldu dau Jon Gaminde Bizkaiko Jantzarien Biltzarreko buruak. Jantza-alardeak zazpi atal izango ditu: Jantzari jantzea (Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata Joko Txikiak, Banangoa, Binangoa, Ezpata Joko Nagusia, Launangoa, Makil Jokoa, Txontxongiloa); Gipuzkoako jantzak (Agurra, Makil Txiki eta Zinta jantzea), Jolas jantzak (Txulalai, Zapatain, Xan Petrike eta Esku jantzea); Eltziegoko jantzak (Correcalles, La Danza, Cuatro Calles, Arbol, Jota); Gorulariak (Domingiloa eta Arku jantzea); Jauziak (Zazpi Jauziak, Antzina Pika eta Hegi); Kaixarrankea eta Larrain jantzea.

Kultura diputaduak Bizkaiko Jantzari Egunaren ikusgarritasuna azpimarratu dau, hainbat taldek aldi berean Kaixarrankea jantzan egiten ikustea ikuskizun ikaragarria da. Hain zuzen be, 24 taldek egingo dabe jantza hori.

Hiru belaunalditako jantzariak alkartuko dira Elorrion, ume, guraso eta aitita-amamak. Txikiak oso garrantzitsuak dira, eurak dira gure etorkizuna, eta nagusiak bere bai, altxor hau gordeteko, azaldu dau Gamindek. Bizkaia osoko 76 jantza-taldetako 3.500 jantzari batuko dira, baina danetara 7.000 lagunetik gora izango dirala uste dabe antolatzaileek. Elorrio herria ezagutzeko aukera parebakoa dala begitantzen jako Otaduiri, herriaren erakargarritasuna indartu egingo dala uste dogu.

Arrastian, bostetatik aurrera, Euskal Herriko erromeria handiena hasiko dabe Udaletxeko plazan, Drindots taldeagaz. 20:30 inguruan amaituko da jantzea, edo herritik botaten gaituenean, esan dau umorez Gamindek. Folklore Azokea eta umeentzako jokoak be prestau ditue.

Nagore Ferreira Zamalloa

http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&id=12790&sec=27&fecha=2014-0...

bizkaie.biz
14 Mayo 2014