Santrokaz eguna ospatuko dute, Zelaietan, gaur

Maiatzaren 12an hasi ziren Zelaietako auzoko Santrokaz jaiak, eta gaur dute jai-egun nagusia, bertan. Meza eta ezpadantzarien eta irlanderen emanaldia izango dira, 12:00etatik aurrera, San Trokaz plazan.
arg

Arratsaldean, eskuz binakako San Trokaz sariaren finalaurrekoa jokatuko dute, 18:00etan hasita, probalekuan, eta Mariachi Dominguez taldeagaz erromeria izango da, ordu berean, Txanporta plazan.

Gerbasen kalejiragaz hasi ziren Santrokaz jaiak astelehenean, eta askotariko proposamenak dakartza jai egitarauak maiatzaren 25era arte. Asteburu honetan, datorren astean eta hurrengo asteburuan ere denetariko ekitaldiak izango dira, Zelaietan.

Oparoa da, esaterako, musikazaleentzako eskaintza: McOnak, The Mocker’s eta The Capaces taldeak ariko dira zapatuan, Txanporta plazan; Herri Maite Durangaldeko akordeoi taldekoek joko dute domekan, 19:00etan, nagusien egoitzaren aurrean; Jaizale txistulari elkartearen eta Done Zezili abesbatzaren emanaldia izango da domeka eguerdian; Gontzal Mendibilen, Mari Fe Nogalesen eta Niko Etxarten kantaldia izango da maiatzaren 23an, probalekuan; eta Exaixu, Boikot eta Criatura taldeak ariko dira Txanporta plazako maiatzaren 25eko zuzeneko musika emanaldian.

 Giza-dorrea eraikiko dute

Bartzelonako Poble-sec auzoko casteller taldeak giza dorrea zelan eraikitzen duen ikusteko aukera izango da, berezitasun bezala, santrokazetan, aurten. Maiatzaren 25ean, 12:00etan hasiko dute dorrearen eraikuntza Txanporta plazan.

Urteroko beste hainbat kirol ekintza eta umeei zuzenduriko askotariko hainbat proposamen, eta maleta siku bezalako ohiturazko hainbat hitzordu ere badakartza, bestalde, jaietako egitarauak.

Abadiñoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Jai Batzordeak 40.000 euroko aurrekontuagaz osatu du egitaraua. “Herritar horien lanari esker aukera ona izango dugu denok jaietan gozatu ederra hartzeko”, azpimarratu du, ohar horretan, Jose Luis Navarro alkateak.

http://anboto.org/abadino/1400140493311

anboto.org
15 Mayo 2014