Elorrion izango da Bizkaiko Dantzari Eguna

argAtzo Kulturako foru diputatu Miren Josune Ariztondok, Elorrioko alkate Ana Otaduik eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren koordinatzaile Jon Gamindek, Bizkaiko Dantzari Egunaren 2014ko edizioa aurkeztu zuten prentsaurrekoan. Euskal dantza eta folklore guztia bilduko duen ekitaldia, maiatzaren 18an egingo da Elorrion. Aurtengoa Bizkaiko dantzarien jaialdiaren 34. edizioa izango da.

“Euskal dantzaren bilera berezia izateaz aparte, kultura eta etnografia topaketa handia izan ohi da Bizkaiko Dantzari Eguna. Bizkaiko talde guztiek eusten diete tradizioari eta transmisioari, eta hori sekulako lana izaten da, hortaz, dantza taldeek egiten duten urte osoko lana ikusarazi egiten da egun horretan”, esan zuen Kulturako foru diputatu Miren Josune Ariztondok. Beste aldetik, Elorrioko alkate Ana Otaduik esan zuen, “Elorrio, euskal dantzaren hiriburua bilakatuko da egun horretan, izan ere, 7000 lagun inguru hurbilduko dira dantzaren aitzakiarekin”.

Eta hala da, 70etik gora dantza-talde eta adin guztietako 3.500 bat dantzari hurbilduko dira Elorriora, Bizkaiko euskal dantzen urteko jaialdi honetara.

Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren koordinatzaile Jon Gamindek aurtengo berrikuntzen eta egitarauaren berri eman zuen gero. Hala, Dantzari Eguna goizeko 11:00etan hasiko da kalejirarekin. Ondoren dantza-alardea egingo da; ondoko dantza-ekitaldi hauek egingo dira: Dantzari Dantza, Gipuzkoako Dantzak, Jolas Dantzak–Txikiak, Eltziegoko Dantzak, Gorulariak, Jauziak: Dantzari Ertainak–Txikiak, Kaixarranka eta Larrain Dantza.

Ikusgarria izaten da hainbeste dantzari ikustea guztiak batera, dantza bera egiten, koloretsua eta inpaktantea.

Eguna honako ekitaldiekin osatuko da:11:00etatik aurrera, Herriko plazako frontoian Folklore Azoka egongo da, eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera, jokoak eta puzgarriak egongo dira umeentzat, eta udaletxeko plazan erromeria Drindots taldearen eskutik.

http://www.nontzeberri.com/Albiste7.aspx?a=6760

nontzeberri.com
15 Mayo 2014