Euskal Astearen XVII. edizioa aurkeztu dute

Durangoko Udaleko pleno aretoan egin zuten atzo, maiatzaren 30etik ekainaren 15era arte deneriko kultur eskaintza dakarren Euskal Asteko programazioaren aurkezpena. Bertan bildu ziren egitaua antolatzen jardun diren 21 elkarteen eta Udalaren ordezkariak.
Euskal kulturaren aniztasuna modu zabalean eskainiko duen egitarau bateratua prestatu dute bakoitza bere alorrean urte guztian zehar euskal kultura bultzatzen lan egiten duten Durangoko 21 elkartek eta Durangoko Udalak. Kirol zein kultura arloko askotariko ekintzak jasotzen dituen egitaraua osatu dute: musika, esku pilota, antzerkia, zinema, euskal dantzak, etab. biltzen dituena.

Andoni Inaurrizaga zinegotziak atzoko aurkezpenean azpimarratu zuenez, elkarrekintza eta "partaidetza" dira maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 15ean amaituko den Durangoko Euskal Astearen arrakastaren arrazoiak.

Harrera ona izaten duten aurreko edizioetako hainbat hitzordu jasotzen ditu, 2014ko Euskal Astearen egitarauak: esku pilota eskolako umeen txapelketak emango dio esaterako, egitarauari hasiera. Ez dira faltako, ohiturazko bilakaturiko Txoritxo Alai eta Tronperri dantza taldeen euskal dantzen emanaldiak, edo Peter esku pilota jaialdiko partidak ere.

Ekainaren 8an, San Agustin kulturgunean izango da, bestalde, musikazaleen Euskal Asteko hitzorduetako bat: Silboberri txistu elkarteak antolatzen duen Durango Hiria lehiaketako lan sarituen kontzertua, hain zuzen ere. Emanaldi horretaz gainera, kalejirak, organu kontzertuak eta abesbatzen emanaldiak ere izango dira, maiatzaren 30etik ekainaren 15era, Durangon.

Herriko ikastetxeen parte hartzeagaz, bestalde, hainbat ekintza antolatu dituzte aurten ere: esaterako, zortzirehundik gora lan jaso dituzte, Durangaldeko Artisten elkartean antolaturiko eskolarteko pintura lehiaketan. Hainbat ikastetxeren parte hartzeagaz, "ikastetxe desberdinetan dihaduten neska-mutikoen harremana sendotzeko helburuz", antzerki emanaldiak, baserriko jolasen zein herri kirolen emanaldiak, edo film emanaldiak antolatu dituzte. Gazteei zuzendurikoa da, baita, Julene Azpeitia literatur lehiaketa: 11 eta 18 urte artekoei zuzendurikoa, eta Euskal Astean egingo dute aurtengo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Ekainaren 1ean, Durangoko San Agustin kulturgunean izango da ekitaldia.

http://anboto.org/durango/1400621740177

anboto.org/
21 Mayo 2014