Elkarrekintza eta partaidetza ardatz harturik, abiatuko da Durangoko XVII. Euskal Astea

Euskal Astea aurkeztu zuten atzo
Euskal Astea aurkeztu zuten atzo

Durangoko 21 elkartek eta Udalak  bat egin dute aurtengo Euskal Astearen egitarau anitza prestatzeko orduan. Kirol zein kultura arloko ekintzak izango dira nagusi, datorren maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 15ean amaituko den XVII. Euskal Astean.

Andoni Iruarrizagak Kultura zinegotziak atzo arratsaldean elkarteeko ordezkariekin egin zuen aurkezpenean azpimarratu zuenez, “Durango euskal kulturaren topagunea bihurtzea eta kultur adierazpen ezberdinak bultzatzea”, dira edizio honetako helburu nagusiak.

 Maiatzaren 30ean hasiko da egitaraua, Esku Pilota Eskolako Haurren Txapelketarekin eta Memorial ‘Peter’ esku pilota jaialdiarekin. Hasiera eman ondoren, 14 egun aurretik izango dira musika, kirola, antzerkia eta euskal dantzak uztartzen dituen egitarauaz gozatzeko.

Musika eskaintza zabala proposatuko du aurten egitarauak. Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Txistulariak, Jaizale Durangaldeko Txistulari Elkarteak eta Txoritxu Alaik eta Tronperri Dantza Taldeak kalejira egingo dute maiatzaren 31ean. Egun berberean, organo, txistu eta bertsolari kontzertua egingo dute Andra Mariako Basilikan. Tabira Musika Bandak, Elgoibarko Dultzaineroak eta Durangoko Orfeoiak kontzertua eskainiko dute ekainaren 1ean. Abesbatza eta organo kontzertua, berriz, ekainaren 10ean burutuko dute. Ekainaren 8an, ordea, Txistu Kontzertua egingo da San Agustinen, Silboberri Txistu Elkartearen eskutik. Ondoren, Durango Hiria Txapelketaren sariak bananduko dituzte.

 

Dantza Janzkeren erakusketa

Julene Azpeitia Lehiaketa antolatu du Udaleko Euskara Sailak,  11 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Hiru modalitate izango dira, ipuinak, olerkiak eta bertso-papera.

Gerediaga Elkartearen eskutik, ekainaren 7tik 15era bitartean, Bizkaiko Dantza Janzkeren erakusketa egingo da San Agustin Kultur Gunean.  Ezpatadantzari eguna, berriz, ekainaren 14an ospatuko dute. Egitarauari amaiera emateko Dantza Agerraldia antolatu du Gerediagak, Ezkurdi plazan, ekainaren 14an.

Eskolarteko VI. Pintura Lehiaketaren sari banaketa, maiatzaren 21ean egingo dute Ezkurdi Erakusketa Aretoan. Iaz 872 gaztetxok parte hartu zuten eta aurten ere marka berbera lortzea espero dute antolatzaileek.

Horretaz gain, umeentzako zinea eta antzerkia, mendi erreportaia eta baserriko jolasak antolatuko dira besteak beste.

 

durangon.com
21 Mayo 2014