Euskal erromeria egongo da zapatuan, Lekeition

ERROMERIA_EGUNA_LEKEITIONEgun osoko jaia izango da. Merkatu plazan prestatu ostean, kalejira egingo dute dantzariek goizean, Aittitta Makurrako Txikirri-Txikirri taldeareen laguntzagaz. 13:00etan, portutik atera eta moilatik eskolaperainoko ibilbidea egingo dute.

Arratsaldean, berriz, eskoletatik plazaraino joango dira dantzariak eta Txikirri Txikirri taldeko musikariak, 19:00etan hasita, Laket taldeagaz, plazan egingo den erromerian dantzan egiteko.

20:00etan, erromeriari etenaldia egingo zaio, Baigorriko Gaiteroen doinuak entzun eta dantzatzeko. «Larrain dantza eta Tuterako jota dantzatuko ditugu», zehaztu dute Zaletxuak taldekoek. Ondoren, erromeriagaz jarraituko da.

Lekeitioko dantzariez gainera, Amorotokoek, Aulestikoek, Ispasterkoek, Bilboko San Inazio auzoko Goierri dantza taldekoek, Leioako dantzariek eta Mungiakoek ere hartuko dute parte Lekeitioko erromeria egunean: «Danetara 150 dantzari batuko gara gutxi gorabehera», aurreratu dute antolatzaileek.

Dantzariez gainera mundu guztiari zabaldu diote erromerian parte hartzeko gonbidapena. «Jantzita etortzen badira hobeto», esan dute.

EGITARAUA

  • 13.00ean, portuan hasi eta herrian zehar Kalejira izango da Txikirri Txikirri taldearekin.
  • Arratsaldean, berriz, 18.30etan, eskoletan hasi eta plazara Kalejira Txikirri Txikirri taldearekin.
  • 19.00etan, plazan Erromeria egongo da Laket taldearekin.
  • 20.00etan, Baigorriko Gaiteroak izango dira plazan.
  • Jarraian, Laket taldea.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.info/2014/05/27/euskal-erromeria-egon...

Hitza.info
27 Mayo 2014