Ondarroako Kresala elkarteak bere egun handia ospatuko du zapatuan

Urtero legez Kresala Eguna egingo da zapatuan. Artabide 23ko egoitzan dagoen balkoiko ikurrina elkarteko lehendariak igoko du, 12:30ean. Ikurrina behin balkoitik eskegita geratu eta agurra egiten dutenean, jaiak eztanda egingo du Ondarroan.
Artabidetik 60 bat dantzarik, txistularik eta trikitilarik osatutako taldea herrian zehar ostera egitera joango da, kaleetako giroa alaituz eta jendea jai egunean murgilduz. Kresala elkartekoak euskal folklorea nonahi zabaltzen joango dira zapatuan.
Kresalakoek egitarau bat prestatu badute ere, berau gorputzak eskatzen dienaren arabera egingo dute. Hau da, ez dute egitarau itxi bat egingo. «Egitarau ireki moduko bat izango dugu. Ikasturtean ikasi diren dantza batzuk-eta egingo dira, baina batez ere Ondarroa eta ondarrutarrak giroan sartu nahi ditugu. Beraz, momentuan bertan, momentuak eskatzen diguna egingo dugu. Jendea jaian parte hartzera gonbidatu nahi dugu. Gurekin dantzan egitera ongietorriak izango dira denak», azaldu du Andoni Urkizak, elkarteko kideak.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Betiko dantzez gain, Iparraldeko dantzak egiteko asmoa ere badute Kresalakoek. Dantzak, tartekatzen joango dira. «Aurten,berritasun legez, bozgoragailuetatik dantzen musika ipiniko digute Sutargikoek. Han aurrean ariko gara dantzan. Horrez gain, musika ekipoa eramango dugu Itsasaurrera, eta han Iparraldeko dantzak egiteko asmoa dugu, esate baterako», gaineratu du.
Eguerdian kalerik kale dantzan aritu ostean, Antiguako Ama elkartean bazkaria egingo dute. Bazkalondoan ez da kanturik faltako. Ederto bazkaldu eta indarrak hartu ostean arratsaldean jaiari ekingo diote berriro.
Kalez kale dantzan eta musika zabaltzen jarraituko dute arratsaldean, eta egunari amaiera emateko, Larrain dantza egingo dute Musika plazan. Azken dantza honek dantzariez gain, herritar asko eta asko erakartzen ditu. «Musika plaza moduko toki handi batek jende gehiago batu eta nahi duenak parte hartzeko aukera gehiago ematen du. Egia esan, Larrain dantzak erakargarri bereziren bat izan behar du. Ez dakigu zer duen, baina beti jende piloa batzen da bertan. Oso dantza arrakastatsua da».
Egitaraua

  • 12:30ean. Artabide 23ko Kresalaren egoitzan bertan, ikurrinaren igoera eta agurra.
  • Jarraian. Bertatik, dantzariak, txistulariak eta trikitilariak kalejiran joango dira Zubi Zaharrera.
  • Ostean. Euskal dantzak Alde Zaharrean. Handik Itsasaurrera arte dantzan jarraituko dute.
  • 15:00etan. Bazkaria.
  • 18:30ean. Antiguako Amatik irten eta handik, Itsasaurrera Aurreskuan joango dira.
  • Ostean. Alde Zaharrera arte, Iparraldeko dantzak.
  • Amaitzeko. Larrain dantza Musika plazan.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.info/2014/06/18/ondarroako-kresala-el...

hitza.info
18 Junio 2014